Buscar
Polideportivo

Bidasoak presiorik gabe hartuko du Füchse

Bidasoak presiorik gabe hartuko du Füchse
Bidasoak presiorik gabe hartuko du Füchse

Irun – Bidasoa Irunek Füchse Berlin talde indartsua hartuko du gaur Artalekun (20.45ean), Europar Ligako final-zortzirenetarako sailkapena lortuta etxeko lanak eginda dituela, baina lehiaketa irabazteko faboritoetako bati hortak erakusteko asmoz.

Talde alemaniarra garaipen gose etorriko da Gipuzkoara, hartara, lehiakide zuzena duen Orlen Wisla Plock talde poloniarrarekin jokatuko bailuke datorren astean taldeko lehen postua etxean. Irundarrek, berriz, hirugarren izateko aukera matematikorik oraindik baduten arren, jakin badakite normalena laugarren postuan amaitzea izango dela, ondorioz, igandean Santanderren Unicaja Banco Sinfinen aurka jokatuko duten partida izango dute begiz jota.

Astebete baino ez da Füchse Berlinek eta Bidasoa-Irunek elkarren aurka jokatu zutela Alemaniako hiriburuan; Jacobo Cuetarak harrobiko jokalari zenbait erabili behar izan zituen eta alemaniarren garaipena argia izan zen (35-23).

Partida hartan ez bezala, entrena-tzaile asturiarrak Kauldi Odriozola eta Adrian Fernandez jokatzeko prest izango ditu, Recoletas Valladolid eta Iberoquinoa Antequeraren aurka jardun baitzuten; Mikel Zabala eta harrobiko jokalariren bat edo beste min hartuta daude, ordea, eta euren parte hartzea zalantzan dago. Jon Azkuek eta Rodrigo Salinasek ezin jokatu ahal izango dute.

B Multzoan gertatzen denari erne ibiliko da Bidasoa, handik irtengo baita euren final-zortzirenetako aurkaria. Joaneko partida martxoaren 29an ala 30ean izango da.

Danimarkako GOG taldea, Portugalgo Benfica eta Frantziako Nantes taldea dabiltza lehen postua lortzeko lehian, eta hark jokatuko luke A Multzoko laugarren sailkatuaren aurka; horixe izango da seguruenik talde horiaren postua, non eta ez dituen falta zaizkion bi partidak irabazten, eta datorren astean bisita egin beharko dion Fenix Toulouse taldeak gaur etxean Pfadi Winterthur suitzarraren aurka eta datorren asteartean Bidasoaren aurka galtzen ez duen.

Jacobo Cuetarak argi esan zuen, euren asmoa, aurkari handi horren aurrean, gozatzen saiatu eta lehiakor izatea dela. "Erronka polita dugu Europako eta munduko talde onenetako baten aurka; lehiaketa hau irabazteko lehia bizian dabiltza, Bundesligan laugarren doaz, eta lehen itzuliko partidan ikusi genuen zer nolako maila daukaten", azaldu zuen presta-tzaile asturiarrak partidaren atarikoan.

"Gu dagoeneko sailkatuta gaude", azpimarratu zuen Ribadesellako teknikariak. " Ez dugu inolako presiorik, eta munduko lehiaketarik onenetako batean egotearekin gozatzen ahaleginduko gara; talde bikain baten aurka eta gure zaleen aurrean. Egun gogoangarria izan daiteke Irungo eskubaloiarentzat" esan zuen.

Cuetarak ondotxo daki Füchsen egoera oso bestelakoa dela; izan ere, "Toulousen galdu eta gero, lehen postua jokoan izango baitu Wisla Plocken aurka, eta puntuak ezinbesteko ditu", beraz, "irabazteko ahalegin guztiak egingo dituzte" Irunen. Horrexegatik esan zuen, bere taldeak joaneko partida jokatu izanagatik bere jokoaren "ezusteko faktorea" galdu badu ere, Bidasoa, "dituen baliabideekin, lehiakor izaten" saiatuko dela.

2022-03-02T07:48:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo