Buscar
Bizkaia

Bideko segurtasunaren aldeko kanpaina sustatuko du Bilboko Udalak

Kanpainaren aurkezpena.
Kanpainaren aurkezpena.

Astelehen honetan goizean, azaroak 14, bide-segurtasunaren arloko politikak sustatzeko kanpaina berria aurkeztu egin dute. Ekimen honekin bat egingo dute Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko sailak eta STOP Bide Indarkeria elkarteak .

Xede horrekin, abian jarri da bide-segurtasunaren inguruko sentsibilizazio-kanpaina bat, datorren azaroaren 20an (domeka) Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna ospatuko dela-eta.

Erakunde horiek elkarturik, horrek beste urrats bat ekarriko du Bizkaiko errepideetan 0 biktima izatea lortzeko konpromisoan. Alde horretatik, Miguel Ángel Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuak nabarmendu du hau izan dela Bizkaibus, Bilbobus eta Stop Bide Indarkeria elkartea kanpaina honetarako elkartu dituen helburua: "laguntzea errepideetako trafiko-istripuetan inor hil ez dadin eta inor larriki zauritu ez dadin; izan ere, garraio publikoak laguntza erabakigarria eman dezake horretarako".

Gómez Viarrek, berriz, hau gaineratu du: "garraio publikoan bidaiatuz, bide segurtasunaren alde egiten dugu, auto gutxiago ibiltzen da errepideetan, eta bideak, hartara, seguruago bihurtzen dira, eta alferreko arriskuak eragozten, hala nola telefono mugikorra erabiltzea gidatu bitartean, hori izaten baita errepideetan istripuak eragiten dituen kausa nagusietakoa".

Garraioko foru diputatuak, halaber, Bide Segurtasunaren aldeko EAEko Ituna aipatu du, zeina joan den astean sinatu baitzuten EAEko hamabost erakunde eta elkartek, eta zeinaren xedea baita 2050ean trafiko-istripuen ondorioz inor ez hiltzea edo larriki zauritzea errepideetan, hau da zero heriotza eta zauritu larri izatea. "Horren alde ari gara lanean Bizkaibusen ere, garraio publiko seguru, irisgarri eta jasangarri bat sustatuz, eta, orain, gainera, tarifa merkeagoekin erakarriz jendea", adierazi du.

Bestalde, Nora Abete Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak balioa eman die erakundeak bide-segurtasuna areagotzearren egiten ari diren ahaleginei.

Abetek hau gogorarazi du: "2021ean, Bizkaiko hiriburuan, azken hamarkadan izan denik eta istripu-kopururik txikiena erregistratu zen: 1.504", eta animatu egin nahi izan du ez dezagun hori askitzat jo. "Datu horiekin, berretsi egiten da bide onean goazela, Bilbon egikaritu diren neurriak, hala nola Urian 30 km/h ezartzea abiadura mugatzat, emaitza onak ari direla ematen, baina oraindik ere bide luzea dugula egiteko", adierazi du. Zinegotziak ardura handiko kontu bat nabarmendu nahi izan du: "elkarrekin egingo dugu lan, gure hiriak seguruak izan daitezen eta guztiek beren lekua izan dezaten".

Alde horretatik, beraz, eskatu du, arren, bilatzeko bizikidetza formula bat auto, oinezko eta bizikletendako, eta galdegin die herritarrei arta handia jartzeko bide-arauak betetzen.

Stop bide-indarkeria

Beste alde batetik, Rosa Trinidad Stop Bide Indarkeria elkarteko presidenteak hau adierazi du: "uste osoa dut bai gidariek bai oinezkoek aintzat hartuko dutela trafiko istripuei buruz duten erantzukizuna. Guztion ardura da bidean inor ez hiltzea, 0 heriotza izatea", adierazi du, eta, aldi berean, hau baieztatu du: "guztion erantzukizuna da, bidea erabiltzen dugun guztiok hartu behar dugu konpromisoa zirkulazio-arauak eta bizikidetza-arauak betetzeko".

Trinidadek hau erantsi du: "gizartea eskatzen ari da kontzientzia sozial handiagoa eta biktimei gehiago laguntzea", eta erakundeei eskatu die konpromisoa har dezatela xede horren alde. "Eginahal guztiak egiten jarraituko dugu 0 heriotza izan daitezen bide-indarkeriagatik, eta gure oroimenean izango ditugu beti era basati eta absurdoan hil zitzaizkigun pertsona maiteak", adierazi du.

Hain zuzen ere, "hori da haien aldeko egunean egin ahalko diegun omenaldirik onena, gizarteak ager dezala guztiz determinatuta dagoela bideko indarkeria ezabatzera", esan du, amaitzeko,Trinidadek.

2022-11-15T16:38:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo