Hasi dira Samaniego-Orixek elkarlanean antolatzen duten Elkartasun Kroseko prestaketa lanak. Aurten ere urtea lasterka amaitzeko aukera emango diete tolosarrei, elkartasunak eta kirolak bat eginez. Bihar zabalduko dute XXIV. edizioaren izen-ematea Shanti Kirolak dendan eta aurtengo omendua Lizeta Okomo pisu jaurtitzaile eta ikasle ohia izango da.
Guztira, mila dortsal jarriko dira salgai, horietatik ehun kadeteen kategorian. Helduek 8 euro ordaindu beharko dute eta kadeteek, 5. Egunean bertan 12 euro ordaindu beharko dira. Dortsalak, halaber, Zerkausian banatuko dira egunean bertan. Urtero bezala, kirol proba 15.30ean hasiko da. Lehenik eta behin haurrak irtengo dira, eta 16.30ean helduen txanda izango da. Ibilbidea ohikoa izango da: korrikalariak plaza Zaharretik abiatuko dira eta helmuga Solana kalean kokatuko dute. Parte hartzaile guztiek jasoko dute domina eta sariak zozketatu egingo dira eta ikastetxe publikoek elkarlanean diseinatutako eta egindako trofeoak banatuko dira. Mozorro onenak ere saria izango du. Urtero moduan, lorturako irabaziak Kokuyo Elkartera bideratuko dira, haien lana babestu eta indartzen jarraitzeko. Kolonbiako Guabas bailaran elikadura burujabea sustatzera bideratuko da krosean jasotako dirua.