Cultura

Bihotz handi bat pantailatik harago

'Black is beltza II: Ainhoa' filma aretoetara iritsi da jada. Soinu-banda 30 kantu eta piezek osatzen dute, han-hemengoak, eta istorioaren hari modura funtzionatzen dutela adierazi dute egileek
'Black is Beltza II' filmeko kartela.

Donostiako Zinemaldian nazioarteko estreinaldia egin zuten Belodromoan, festa giroan. Aste honetan, aldiz, zinemetara iritsi da Fermin Muguruzaren bigarren film luzea: 'Black is beltza II': Ainhoa. Lehendabiziko filmeko Manex eta Amanda pertsonaien alaba da protagonista, hau da, Ainhoa. Oraingoan, 1980ko hamarkadan girotua dago, Euskal Herria ez ezik, munduko geografiaren txoko ezberdinak izango ditu eszenatoki.

Aurreneko filmean nola, musikak garrantzi berezia izango du entrega honetan ere. Are, hogeita hamar bat kantu eta beste horrenbeste musikariren ahotsek eta soinuek osatu dute soinu-banda. "Zutik eta dantzatzen ikusteko filma da hau", adierazi du zuzendariak. Hain zuzen, pelikula estreinatzeko bezperetan, luzemetraian ageri diren abestiokin CDa eta LP bikoitz bat kaleratu zituzten Elkar etxearen zigilupean.

Taupada diren keinuak

Orain dela bi urte hasi zela kontatu du Maite Arroitajauregi Mursegok. Muguruzaren esanetan, Arroitajauregiren ekarpenak "balio sentimentala" ematen zion filmari: "Mursegorena izan zen Iñigorekin ikusi nuen azken zuzeneko kontzertua". Orain hiru urte zendu zen musikariaren anaia eta Kortatuko taldekide ohia. Ildo horri eutsita erantsi du, heriotzaz geroztik, denak duela harremana anaia zenarekin, eta hala gehitu du: "Pelikula honek bihotz bat dauka, eta Iñigoren bihotza da hori".

Arroitajauregik jasotako eskariak premisa bakarra zuen: filmean ageriko ziren kantu originalen harilkatzea egitea, kantu eta kantu arteko trantsizioa egitea alegia. Maitek hitzokin izendatu du bere egitekoa: "Koherentzia original bat egitea". Hamarnaka kantu bata bestearen atzetik, eta bakoitza bere ezaugarriekin bakar batean biltzea bezalako lana izan da. Erronka berri baten modura hartu zuen bada, lan egiteko bainoago, ikasteko motibazioarekin. "Hori da nik proiektu berriei eskatzen diedana: gauza berriak ikastea". Ildo horretan gehitu du, bere burua YouTubeko kanaletako bideoak ikusten jarri duela, teknika berriak ikasteko helburuarekin.

Hainbat musikarik eta aktorek jarri diete ahotsa 'Black is Beltza II' filmeko pertsonaiei. Goiko argazkietan ageri dira horietako batzuk. Ortzadar

Lan horretarako, Mursegok azaldu du Muguruzak bi adibide eman zizkiola: 'Peaky Blinders' telesaila eta Tarantinoren 'Kill Bill' pelikula. Izan ere, musikariaren arabera pieza horietan ageri dira kantu originalak, sarri atenporalak, edota argumentuarekin edo giroarekin zerikusirik ez dutenak, baina, era berean lotuta daudenak.

Bere berezko estilo esperimentala guztiz alboratu gabe, "filmak agintzen zuenera" gerturatu da, hots, molde klasikoagoetara. Sokak, pianoa, eta orain arte erabili gabeko perkusioa ere ageri dira. Hala ere, Arroitajauregik esan du esperimentuak izan duela bere lekua konposizio-prozesuan zehar: "Sanplerra erabili dugu, Negu Gorriak edo Maurizia bera nire ahotsarekin lotzeko, adibidez". Sorkuntzan eman duen denbora osoan Ferminen babesa eta erabateko konfiantza sentitu duela erantsi du Mursegok.

Bidaia bat

Kuban abiatzen da filma, Iruñeko bazterretatik pasa eta Ekialde Hurbila bisitatuko du Ainhoak, Josunerekin batera, Mediterraneora itzultzeko, Marseillara. Lekuan-lekuko gatazkak azaltzen ditu 'Black is Beltza II' filmak. 80ko hamarkadako arazo sozial eta politikoei errepaso egiten die, benetako nahiz fikziozko gertakizunak tartekaturik: IHESaren izurria, ETAren su-etenerako elkarrizketak Aljerian, Egin egunkariaren itxiera… Funtsean, iraganerako bidaia bat egingo du ikusleak, eta musikak badu horretan zerikusirik.

Martuteneko ihesaldi ezagunean, Imanolen 'Lau haizetara', eta Sarri sarri aski ezagunak aditzen dira. Kortaturen 'Nicaragua sandinista' Broken Brothers Brass Bandek egokitua Iruñeko karriketan entzuten da, baita Palestinako Amal Murkus artistaren abesti bat eta Massillia Sound System taldearekin egindako kolaborazioa ere. Horiek eta gehiago dira soinu-bandaren parte. Bidaia horretan murgilduta, Mursegok ezagutzen ez zituen musikariak ezagutzeko aukera izan duela esan du: "Ekialde hurbileko musika ez nuen ezagutzen, adibidez, eta deskubritu ditut artista batzuk, baita haien jarraitzaile bihurtu ere bai".

Hainbat musikarik eta aktorek jarri diete ahotsa 'Black is Beltza II' filmeko pertsonaiei. Goiko argazkietan ageri dira horietako batzuk. Ortzadar

Filma eta festa

Zinemaldiaren harira egin zuten estreinaldia Donostiako Belodromoan hilaren 23an. Nola ez, ekitaldi berezi horretan musika eta festa ezin izan ziren falta. Pelikularen emanaldia hasi aurreko orduetan Broken BrothersBrass Band aritu zen kanpoaldean, bertaratutakoei ongi etorri egin eta girotzen joateko.

Filmak iraun bitartean, txistuak, txaloak eta kantu asko izan ziren publikoaren partetik. Era berean, barre egiteko, amorrurako eta hunkitzeko uneek hartu zuten estadioa. Bukatutakoan, Brokeneko kideak atera ziren oholtzara, 'Agur Jaunak' eta egindako bertsioa Fermin Muguruza zuzendariarekin batera kantatzeko, zeina bereziki hunkitua baitzegoen. Amaiera modura, Muguruzarekin hainbestetan kolaboratu duen Jon Maiak bertsoa bota zuen, bizitzari, adierazpen askatasunari eta Iñigo Muguruzari omenaldi eginez.

07/10/2022