Cultura

Bihotz-taupadak aldarazten dituen musika

Irantzu Martinitz-Xil Beldarrain musika elektroniko sortzaile eta disko jartzaile gazteak urtebete darama DJ Sudo bezala technoaren munduan, eta hainbat oholtzara igo da dagoeneko. Musikaren, jai giroaren, sorkuntzaren eta genero desberdinkerien inguruan
Argazkian, DJ Sudo Gasteizko txosnetan eskainitako emanaldian.

Bilatu gabe egin zuen topo Irantzu Martinitz-Xil Beldarrainek (Gasteiz, 1996) techno musikarekin. Betidanik gustuko izan du musika, etxekoek kutsatuta. Aiton-amonak musikazaleak zituen, gurasoak antzera atera ziren halabeharrez, eta horrela heldu zitzaion zaletasuna berari ere. Zortzi urte zituela hasi zen kontserbatorioan, eta musika atsegin izatetik ikastera igaro zen.

Ordutik ez ditu musika ikasketak alboratu. Kontserbatorioan amaitutakoan, Aguraingo (Araba) musika eskolan hasi zen, eta unibertsitateko ikasketak Salamancan egin zituen, Musikologiako Graduan. Horrez gain, beste ikasketa batzuk ere egin ditu soinuaren eta soinu-teknikaritzaren inguruan. Orain, irakaskuntzaren arloan murgilduta dago: ikasten dabil nola transmititu musika umeei, nola irakatsi modu berriekin...

Egia esateko, musika elektronikoarekin duen harremana ez da nobedadea. Beti entzun izan du musika mota hori, baina, aitortu duenez, ez zuen sekula disko jartzaile izateko asmorik izan. Alta, musika elektronikoa sortzen duen lagun batek animatuta, "jolas moduan" hasi zen. Horrela, hasieran zuzenekoetara batera joaten ziren, bakarka aritzeko segurtasuna eskuratu zuen arte. "Ondo joan zait eta jarraitu dut", azaldu du sinpleki. Izan ere, ez du asmo handirik arlo honetan. Martinitz-Xilek argi du musikologiaren munduan jarraitu nahi duela, eta musika elektronikoa "festa giroa beste modu batean disfrutatzeko" egiten duela. "Nik egiten dut jendeak disfrutatu dezan. Jendeak ondo pasatzen duen bitartean, jarraituko dut; nekatzen direnean, utziko dut, eta listo, ez dut proiekzio handirik". Orain arte Gasteiz inguruko lokal ezberdinetan aritu da batez ere, handiena, Gasteizko txosnetan Ai Laket!!-en 20. urteurrenean, Errekaleorren.

DJ Sudok jendeak beste eszenatoki bat eduki dezan nahi du, iruditzen zaiolako musika elektronikoak "kristoren potentzialitatea duela kontsumitzerako orduan". Adibidez, ohiko kontzertuetan ez bezala, musika elektroniko emanaldietara jende ugari bakarrik joaten dela azaldu du. "Horrek aukera handiak ematen dizkio jende gazteari gauzak eta musika bere kabuz egiteko", azpimarratu du. Era berean, "kuriosoa eta polita" iruditzen zaio nola elkartzen den adin desberdineko jendea leku berean musika mota bera entzuteko.

Taupadak aldatzeko gai

Musikologian musikarekin zerikusia duen edozer gauza aztertzen dute, esaterako, nola eragiten dieten izakiei elementu desberdinek. "Aztertzen dugu nola musikaren erritmoek gorputzaren funtzionamendua baldintzatzen duten, adibidez, bihotz bat taupada frekuentzia jakin batean jartzeko". Horrela konturatu zen musika elektronikoaren eragina oso argia dela: "Jendeak esaten dizu frekuentzia altuagoak edo baxuagoak gustatzen zaizkiola, nola eragiten dien gorputzean... eta, zientifikoki ikertuta dago nola eragiten duen musikak garunean".

Bere estiloa definitzerako orduan, etiketetatik aldentzea nahiago du: "Techno azidoa egiten hasi nintzen, baina gaur egun edozer gauza egiten dut, ikusi dut gustatzen zaidala eta ez dudala nire burua estilo zehatz batean lerrotu nahi. Hard-tech-a, techno melodikoa, techno harmonikoa... ere egiten dut. Ez dut estilo zehatz bat". Erreferenteak baditu, ordea: Neska, Essan, VTSS, Bede Ben, Sonia Lagoon, Dj uwu eta Brava disko jartzaileak, besteak beste.

Ez da estilo zehatz batean etiketatzen; hard tech, techno melodikoa zein techno harmonikoa egiten ditu, besteak beste. Urki Castro

Gauetik harago ere bada

Musikariaren hitzetan, technoaren esparrua "beti izan da gaua, eta Euskal Herrian horrela ulertu dugu". Gaur egun, ostera, "gauza oso polita" gertatzen ari dela azaldu du: musika elektronikoaren inguruko pertsona asko gau girotik harago zabaltzen saiatzen ari dira, eta bestelako saioak antolatzen hasi dira: arratsaldez, plazetan, umeentzat...

Berak sortzen duena ere testuinguru desberdinetarako egokia dela dio DJ Sudok. Normalean letrarik gabeko musika denez, nahi eran moldatu daiteke, eta horregatik zuzeneko emanaldietan testuinguruaren arabera gauza ezberdinak egin daitezke. Proba egin zuen Agurainen. Arratsalde batez musika jartzen ibili ziren Herriko Tabernarentzat, herriko plazan. Gazteek, umeek, helduek... denek oso ondo pasa zutela kontatu du.

DJ izateko musika ezagutza handia behar dela azaldu du musikari gazteak, "baina ez teorikoa, musika asko entzun izana baizik". Bere hitzetan, "DJ batek duenaren erdia baino gehiago gustua da". "Musika elektronikoa egiten duen pertsona batek kristoren soinutegia edo liburutegia dauka bere buruan, musika pila bat erabili du bere bizitzan zehar eta gai da hori erabiltzeko, nahasteko, hortik beste zerbait sortzeko... ".

Dena ez da arrosa-kolorekoa, eta disko jartzaile emakumezkoek jasaten dituzten gutxiespenak eta errespetu faltak ere gogora ekarri ditu Irantzu Martinitz-Xilek. Orokorrean, egunerokoan emakumeek aurkitzen dituzten oztopo berak nabari dituela azaldu du: "Azkenean mundu hau ez da gurea, gure egiten ari gara, orduan horretan zailtasunak aurkituko ditugu".

20/09/2022