Buscar
Bizkaia

Bilbao Basque Fest jaialdiak 200 jarduera baino gehiago eskainiko ditu

Celebración de una romería vasca en una edición pasada de Bilbao Basque Fest.
Celebración de una romería vasca en una edición pasada de Bilbao Basque Fest.

Bilbao Basque Fest jaialdia Bizkaiko hiriburura helduko da apirilaren 5ean eta lau egunez musika, dantza eta kultura izango dira protagonistak Bilboko kaleetan. Ekimen honen bederatzigarren edizioak 200 jarduera baino gehiago eskianiko ditu Aste Santuan turistek eta bilbotarrek hiriaz gozatzeko.

Gasaren plaza eta Bizikidetasun plaza izango dira dantzak Bilbao basque FEST jaialdiaren ibilbideari ekiteko aukeratu dituen agertokiak. Hori horrela, ostegunean, apirilak 6, Kukai Dantza taldearen Gelajauziak (fragments) ikuskizun zirraragarria eskainiko da 20:30ean. Ikuskizunean eszena garaikideko bi artista handi bilduko dira: Jon Maya eta Cesc Gelabert. Bi dantzariek dantza klasikoaren kontzeptuak berrikusi dituzte gaur egungo ikuskizun bat sortzeko, Néstor Barrenetxearen eszenografiarekin, zeinak bi MAX sari jaso zituen, besteak beste.

Agertoki berean baina egun bat beranduago, ostiralean, apirilak 7, Lekittoko Deabruak taldeak ikusleak hipnotizatuko ditu Akelarre ikuskizunaren mugimendu erritmikoekin. Bertan, belagileek, sorginek eta Akerbeltz pertsonaiak arbasoen zeremonia hori ospatuko dute musika, sua eta piroteknia uztartuko dituen koreografia batekin.

Beste alde batetik, Isozaki Dorreek inguratzen duten Bizikidetasun plaza agertoki bikaina izango da Kresala Dantza Taldearen body-art eta dantza ikuskizunaz gozatzeko apirilaren 7an, ostirala, 19:30ean. Talentua eta energia uztartuko dira Aztarnak izenburua duen lanean, eta dantza eta pintura nahastuko dituen aparteko erakustaldia izango da.

Beste estilo batekin, Sekai konpainiak Breaking Beethoven lana aurkeztuko du agertoki berean, larunbatean, apirilak 8, 19:30ean. Lan horretan, ospe handiko musikari alemaniarraren konposizioak, break dance estiloa eta dantza garaikidea batuko dira ikuskizun bakarrean, eta ez du inor epel utziko.

ERRITMOA ETA JAI-GIROA ERROMERIETAN

Bilbao Basque Fest jaialdiaz dantzatzen gozatu nahi duten pertsonek, hain zuzen ere, egunero egin ahal izango dute Gasaren plazan 19:00etan, erromerietan. Hasiberriak eta eskarmentudun dantzariak bilduko dira bertan euskal dantzak ikasteko asmoz. Ortzadar, Lorratz eta Gaztedi Dantzari Taldea arduratuko dira betiko musika jotzeaz, ikusleak dantzan jartzeko asmoz.

Urtero bezala, tontor ospetsuenetako batera iritsiko da jaialdia: Artxanda Bilbao basque FEST jaialdiaren azken egunean, igandea, apirilak 9, milaka pertsona bilduko dira 12:00etan Inguma Dantza Taldearekin. Taldeak gure betiko dantzen pausoak erakutsiko dizkie bertaratzen diren guztiei, sagardoa eskuan dutela, euskal folklorearen atalik garrantzitsuenetako batez gozatu dezaten.

BARREZ LEHERTZEKO EUSKAL UMOREA BILBOROCKEN ETA ERRIPA KAIAN

“Euskal zigilua” duten barrez lehertzeko antzerkiak Bilborock jaialdiko arratsaldeak eta Erripa kaia bizituko ditu. Hala, “Humor and Basque” Bilborockera itzuliko da ostegunean, apirilaren 6an, 20:00etan, “Kiero ser vasco, palabra de catalán” lanarekin, Raül Supervia komikoarena. Katalunian jaio arren, komikoak euskaldun izateko baldintza guztiak betetzen ditu.

Ostiralean, apirilaren 7an, Kolektibo Monstrenkoren txanda helduko da, eta “Espejismo” taularatuko du. Antzezlanak zuzeneko musika testu “epiko” eta poetikoekin konbinatuko du, umorea galdu gabe.

Azkenik, larunbatean, apirilaren 8an, María Urzelai, Getari Etxegarai eta Leire Orbe aktoreek ikus-entzuleen barre-algarak piztuko dituzte, “Los cuatro elementos” interpretazioarekin, Ibon Belandia musikariarekin batera. Lekua bete arte egongo dira eserlekuak.

Umore-eskaintzak ere bere lekua izango du Erripa kaian ostegunean, apirilaren 6an, 18:00etan, Trapu Zaharra konpainiaren “Turisteando” kale-antzerki barregarriarekin. Roulotte batetik abiatuko den tramak etxekoandre bat du protagonista. Etxekoandreak itsas bidaia birtual bat irabazten du, eta horri esker irudimena hegan egiten uzten ahal du eta fantasia oso ezohikoak bete.

BILBAO BASQUE FEST JAIALDIAREN KLASIKOAK

Bilboko anfitrioiak Alde Zaharretik ibiliko dira eta Mirentxu eta Begotxu, berriz, itsasadarretik. Bilbao basque FEST jaialdiaren protagonista handiak izango dira.

Bilboko anfitrioiak klasikoek hiribilduaren historiaren berri emango digute modu berezi, atsegin eta dibertigarri batean San Antongo elizan hasiko diren ibilbide antzeztuetan, ostegunean, ostiralean eta larunbatean, apirilak 6, 7 eta 8, 12:00etatik aurrera. Alde Zaharreko kale nagusietatik eta Areatzatik ibiliko dira, eta istorio zirraragarriak eta gutxi ezagutzen diren berezitasunak kontatuko dizkigute.

Bestalde, Mirentxu eta Begotxurekin ere beste ibilbide oso berezi bat egin ahal izango dute Bilboats itsasontzian Bilboko itsasadarretik. Bikote komikoak Frantziako Tourraren etapa guzti-guztiak hiribilduan egitea defendatuko du; izan ere, Tourraren hasierako etapa Bilbon izango da aurten. Lagun dibertigarriek ondo pentsatu dute dena: maskota, instalazioak eta inaugurazio-zeremonia, bai eta hiribilduaren ezaugarri arkitektonikoetan eta tradiziorik bilbotarrenetan oinarritutako txapelketako etapa berriak ere. Hori guztia Frantziako Tourra Bilboko Tour bihurtu dadin lortzeko.

Ibilaldi antzeztuak ostegun, ostiral eta larunbatean —apirilak 6, 7 eta 8— egin ahal izango dira 11:30ean, 12:30ean, 13:30ean, 16:30ean, 17:30ean eta 18:30ean. Txartelak (3 euro) Bilboatsen Pio Baroja plazako bulegoan eta webgune honetan daude eskuragarri: www.bilboats.com.

2023-03-17T19:27:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo