Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak Bilbo-Bilbo bizikleta-martxa inauguratu du gaur Deustuko zubitik. Handik pertsona guztiak gonbidatu ditu bizikletaz seguru gidatzeko arduradun izatera.
Hala, eta ildo beretik jarraituz, Segurtasun sailetik gaur adierazi dutenez, martxa zikloturistaren 34. edizioan 8.000 bat parte-hartzaile izan dira, eta hiru ibilbide izan dituzte aukeran, euren gaitasunen arabera: laburra (85 kilometrokoa), klasikoa (115 kilometrokoa) eta luzea (125 kilometrokoa). Bilbo-Bilbo martxarekin bat etorraraziz, Eusko Jaurlaritzak bizikletan segurtasunez zirkulatzeko aholkuak biltzen dituen dekalogoa argitaratu du ikus-entzunezko formatuan, eta kalean, lasterketako parte-hartzaileen aurrean, proiektatu du. Ekimen berri horrekin bizikletan zirkulatzen denerako arriskuak murriztu nahi dira, kolektiboaren istripuei aurrea hartzeko, oinezkoekin eta motor-gidariekin batera errepidean kolektiborik zaurgarrienetako bat baita. Alde horretatik, Sonia Díaz de Corcuerak honakoa gogoratu du: “Berebiziko garrantzia du errepidean ziklomotorrak edo txirrindulariak aurrerantzean tarteak errespetatzeak. Segurtasun osoz aurreratzeko, nahitaezkoa da aldameneko erreian erabat sartzea, norabide bakoitzean errei bat baino gehiago dagoenean. Halakorik ezean, gutxienez metro eta erdiko tartea utzi behar da. Errepide-sareko erabiltzaileen arteko elkarbizitza ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzatik lortu nahi dugun Zero Biktima helburua lortzeko”. Modu horretan errepidean kolektibo zaurgarriak bereziki babesteko konpromisoari erantzuten zaio. Konpromiso hori Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunean eta Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025 Plan Estrategikoan jasota dago.