Bilbok eta Mexikok esperientziak eta ezagutzak trukatu dituzte beste behin, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Mexikoko enbaxadore Quirino Ordaz Coppelek egindako bileran. Besteak beste, ohiko bilera horietan hirien hirigintza-eraldaketako prozesuak edo hirigune historikoen kontserbazioa, birgaitzea eta biziberritzea jorratzen dituzte.
Oihane Agirregoitia, Bilboko Udaleko Herritarren Arretarako eta Partaidetzarako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak eta Rafael Hueso Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendaritza-taldeko kideak ere hartu dute parte topaketan.
Mexikoko buruzagiek bisita ugari egin dituzte urira 2012tik —urtero Mexikoko ordezkariren bati egin zaio harrera, 2020an izan ezik, COVID-19ak sortutako egoera dela eta—, baina gaurkoa izan da Aburtoren eta Ordazen arteko lehen topaketa. Agintari bien arteko bilerak gaurkotasun eta interes handiko gaiak jorratzeko balio izan du, baita uriaren eta Mexikoren arteko lankidetza aukerak aztertzeko ere.
Quirino Ordaz Coppel Mazatlán hirian jaio zen, Sinaloan, 1962an. Zuzenbidea ikasi zuen Mexikoko Estatuko Unibertsitate Autonomoan. Herri Administrazioko Masterra dauka Mexiko Hiriko Administrazio Publikoko Institutu Nazionalak emana. Gainera, Administrazio Publikoari Aplikatutako Prozesuen Berringeniaritzako diplomatura egin du Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan, eta Mexikoko Ideia eta Erakundeetan diplomatura Mexikoko Institutu Teknologiko Autonomoan.
Gaur egungo Mexikoko enbaxadorea Sinaloako gobernadorea izan zen 2017ko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 31ra arte. Bere ibilbide profesionalean turismoaren alorreko enpresaburua izan da bere jaioterrian (Mazatlán).