EUDEL - Euskadiko Udalen Elkarteak udal guztien eskura jarri du, urtero bezala, M8ko Adierazpen bat eta Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, izan da Udalean antolatutako ekitaldiaren buru. Bertan, testuan agertzen diren erronkak, konpromisoak eta betebeharrak hartu ditu bere gain. Ekitaldian Nekane Alonso, Berdintasun Saileko zinegotzia, eta orobat Bilboko Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako eledunak ere hartu dute parte Adierazpena irakurriz.
Agiriaron bidez gonbita egiten baitzaie Euskadiko udal guztiei bat egin dezaten eta aitzindari izan daitezen erakundeek eta gizarteak harreman-molde askoz inklusiboago, lankidetzazkoago eta sortzaileagoetara egin beharreko bidean.
Alde horretatik, bada, Bilbok bat egin du Eudelen Adierazpen honekin, eta testuan zehazten diren erronkak, konpromisoak eta betebeharrak hartu ditu bere gain, alegia, "sektore askoren arteko elkarlanezko gobernantza feministaren eredu baterako bidean urratsak egitea, oinarritzat hartuz bai elkar entzutea, bai parte hartzeko eta ahalak eta erantzukizunak banatzeko prozesuak", eta, horretarako, beharrezkoa izango da Toki-administrazioak "emakumeen aitzindaritza sustatzea eta boterea berdintasunez erabiltzeko baldintzak eragitea".
Emakumeen parte hartzea eragiteari dagokionez, beharrezkotzat jo da hainbat gairi ekitea, hala nola botere-eremuak lagatzea eta emakumeen presentzia bermatzeko neurriak sustatzea, zainketa lanak eta zainketaren sektore profesionala baloratzea, emakumeei aitzindaritzan aritzeko aukera mugatzen dieten estereotipoak eta aurreiritziak ezabatzea, emakumeenganako indarkeria ezabatzea eta emakumeen eta neskatoen eskubideak jartzea agendetan ardatz.
Gainera, eta bat eginez Udala 2030 Agendako Garapen Jasangarriko Helburuen arloan gauzatutako lanarekin, agiri horrek dioenez, "emakumeek politikan eta erabaki-gune guztietan berdintasunez parte hartzea eta aitzindaritza hartzea funtsezkoak dira GJHak jadesteko".