Kalistenia izango da Bilboko Udalaren aire zabaleko jarduera fisikoko programaren berrikuntza nagusia urte honetan. Hala erabaki egin du Osasun eta Kontsumo sailak, zeinak martxoan ekingo dio berriro programa honi.
Kalistenia norberaren gorputz-pisuarekin egiten den ariketa fisikoen prozesua da. Hiriko hainbat gunetan jarri diren oinarrizko ekipamendu sinpleekin egiten da, eta monitore espezializatuen laguntza jasotzen du. Kalistenia, beraz, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak sustatzen duen aire zabaleko jarduera fisikoaren urteko programazioan sartu da. Jarduera hori Ibiltarien Sareak eta Parke Bio-osasungarriek dituzten gainerako jarduerei gehitzen zaie.
2023ko martxotik ekainera, 84 saio egingo dira, ordu eta erdikoak, 10 parke bio-osasungarritan dinamizatuak (Uribarri, Zorrotza, Europa parkea, Eskurtze, Sarriko, Casilda Iturrizar, Elorrieta, Gabriel Aresti, Etxebarria, Zamakola). Gainera, ordu eta erdiko 24 saio egingo dira, profesionalek dinamizatuak, kalisteniako lau parketan: Sarriko, Europa parkea, Zorrotzako muturra eta Casilda Iturrizar, Ibiltarien Sareko 15 ibilbideetako bat egiteko antolatzen diren eguneroko irteerez gain.
Yolanda Díez Bilboko Udaleko alkateorde eta Osasun eta Kontsumoko zinegotziak adierazi duenez, herritar guztiei zuzendutako aire zabaleko jarduera horien bidez bizi-ohitura osasungarriak sustatu nahi dira, bizimodu aktiboa sustatuz.
Programetan izandako parte-hartzearen balantzea oso positiboa da. 2021eko urritik 2022ko ekainera bitartean, 5.459 pertsonak hartu dute parte Ibiltarien Sarearen 175 saioetan; parke bio-osasungarrietan proposatutako dinamizazio-jardueretan, berriz, 2.049 pertsonak hartu dute parte, beste 175 saiotan.
Kalisteniako ariketekin egindako esperientzia pilotuan, 2022ko urritik abendura bitartean egindakoan, 141 pertsonak hartu dute parte. Lau kolektiborekin egin dira jarduerak: 15 eta 35 urte bitarteko gazteekin, 36 eta 64 urte bitarteko helduekin, 64 urtetik gorakoekin, eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonekin, Berriztu kolektiboarekin egindako akordioaren bidez.
Yolanda Díezek azpimarratu du: “oso harrera ona dutela bai ibiltarien sareak bai parke bio-osasungarriek herritarren artean, eta espero dugu kalistenia bezalako diziplina berri bat sartuz gero pertsona gehiagok parte hartzea ohitura osasungarriak sustatzen dituzten jarduera horietan”.
Jarduera hau gazteek egin ohi dute, baina adin guztietarako gomendatzen da, monitore profesionalen laguntzaz.
Bilbon 70 parke bio-osasungarri daude; horietatik 10etan, ordubete eta erdiz, astean bost egunetan, gaitutako pertsonek jarduera fisikoak dinamizatzen dituzte parte-hartzaileentzat. Bestalde, Bilbon dauden Ibiltarien Sareko 15 ibilbideetan antolatzen diren saioetan izena ematen duten ibiltariak monitore/dinamizatzaile batek gidatzen ditu. Monitore/dinamizatzaile horrek erritmoa eta intentsitatea egokitzen ditu, egun bakoitzeko parte-hartzaileen gaitasun fisikoaren arabera.
Herritar guztien osasuna sustatzea
Ikasleek izena eman eta bertaratzeko konpromisoa hartu behar duten ikastaroetan ez bezala, hiru programa horiek aukera ematen diete herritarrei ibiltokietan edo dinamizazioetan askatasunez parte hartzeko, izenik eman gabe, ezer ordaindu gabe eta hurrengo egunean itzultzeko betebeharrik gabe.
Parte hartzeko, nahikoa da egun bakoitzean adierazitako lekuan eta orduan aurkeztea, hilero Bilboko Udalaren web-orrian edo udal-zentroen sarean argitaratzen diren jarduera-egutegietan. Gainera, jarduera hasita egonda aurkitzen duten pertsonek ere parte hartu ahal dute; sarritan izaten da hala.
Edozein adinetako pertsonentzat da onuragarria programa horietan parte hartzea, baina batez ere adinekoak dira gehien parte hartzen dutenak. Parte-hartzaileen batez besteko adina 65-70 urte ingurukoa da, eta gehienak emakumeak dira, baina beste udal-programa batzuetan baino proportzio txikiagoan.
"Osasun Parkeak" aplikazioa
Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak mugikorretarako aplikazio bat du, hirian dauden parke bio-osasungarri gehienen instalazioak behar bezala erabil daitezen sustatzeko. App horrek hainbat funtzionalitate ditu, hala nola parkeen geolokalizazioa, aparatuak erabiltzeko bideo tutorialak, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako klase gidatuak, urratsen kontagailua edo jarduera fisikoaren alorreko asteko helburuak ezartzeko aukera.
Parte hartu nahi dutenek eskuragarri dituzte Ibiltarien sarea. Bilbo ezagutzeko Ibilbideak osasuna zaintzen duzun aldian liburuxka (udalaren webgunean) eta Bilbao Osasun Parkeak aplikazio mugikorra (plataforma nagusietan: Google play eta Apple Store).