Bizkaia

Bilbok martxan jarriko ditu berriro Haurgune eta Kidegune programak

Bilbok martxan jarriko ditu berriro Haurgune eta Kidegune programak.

Irailaren hasierarekin batera, Bilboko Udalak martxan jarriko ditu berriro umeei eta gazteei bideratutako aisialdirako programak. Oraingo honetan 3 eta 11 urte bitarteko umeei zuzendutako Haurgune eta Kidegune programen edizio berria abiaraziko ditu.

2022/2023 ikasturterako, Udalak 677 plaza eskainiko ditu; 480 Haurgunen (3 eta 8 urte bitarteko umeentzat) eta 245 Kidegunen (8 eta 11 urte bitarteko haurrentzat).

Programa bi horiek uriko 8 barrutietan garatuko dira, 11 udaltegitan (Abando, Abusu, Basurtu, Begoña, San Frantzisko, Castaños, Deustu, Irala, Otxarkoaga, Errekalde eta Zorrotza).

Ordutegia 17:30etik 19:30era izango da. Astelehen eta martitzenetan, eskaintza 2017 eta 2019 bitartean jaiotakoentzat izango da, eguaztenen eta eguenetan 2014 eta 2019 bitartean jaiotakoentzat, eta bariku eta zapatuetan 2011 eta 2013 bitartean jaiotakoentzat.

Programa bietan izena emateko epea irailaren 9an (barikua) hasi eta irailaren 13an (martitzena) amaituko da. Izapide hori Bilboko Udalaren web-orriaren bidez edo 94 4010 010 (010) telefonora deituta egin daiteke.

Plazak zozketa bidez esleituko dira irailaren 14an, eta zozketaren emaitzak irailaren 15ean argitaratuko dira. Plaza lortu duten familiek irailaren 16tik 20ra bitartean egin beharko dute inskripzioa, udalaren webgunearen bidez edo 94 4010 010 (010) telefonora deituta.

Otxarkoaga, Errekalde eta Zorrotzako haurgune eta kideguneetan izena emateko, beharrezkoa da zuzenean harremanetan jartzea jarduerak egingo dituzten erakundeekin.

  • Otxarkoaga: Tendel: 94 641 04 79, 09:00etatik 13:00etara, eta 623 383 724 telefonoan. www.asociaciontendel.org.
  • Errekalde: Gazteleku; 94 444 79 65, zumizgai@gazteleku.org. www.gazteleku.org
  • Zorrotza: Gure Lurra; 621 333 371. www.gurelurra.org.

Tarifak 16,40 eurokoak dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen duten familientzat, 49,15 eurokoak familia ugarientzat, eta 65,50 eurokoak gainerako familientzat. Aurreko urteetan bezala, taldea sortzeko, gutxienez 6 parte-hartzaile beharko dira udaltegi eta egun bakoitzeko.

“Heztearen artea”

Haurguneren eta Kideguneren ikasturte berria urriaren 3an hasiko da eta 2023ko ekainaren 17an amaituko da.

“Heztearen artea” izenburuarekin, tailerrak eta irteerak antolatu dira inguruko leku batzuetara, zenbait arte-diziplina ezagutzeko: pintura, literatura eta gastronomia, adibidez. Jarduera guztiek 2030 Agendako Garapen Jasangarriaren Helburuak lantzen dituzte zeharka, baita Bilboko Udalaren Balioen Agirikoak ere.

Gainera, ikasturte honetan, nobedade gisa, San Frantziskoko eta Basurtuko kideguneek 2011 eta 2012 urteen artean jaiotako umeei aukera emango diete zenbait erronka teknologikori aurre egiteko, lego pieza ezagunen bidez. Aisialdiaren bidezko ikasketa hori STEAM metodologian oinarritzen da, alegia, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak arteekin eta humanitateekin lotzen dituzten heziketa, oinarrizko gaitasunak garatzen dituena (zeharkakoak nahiz diziplinetakoak), eta ikasleak gure gizarteko erronkei modu arduratsuan aurre egiteko ahalduntzen dituena.

Jarduera horiek zapatuetan egingo dira, 17:30etik 19:30era.

06/09/2022