Bizkaia

Bilbok Mugikortasunaren Aste Europarra ospatuko du datorren astean

Bilbok bat egingo du Mugikortasunaren Europar Astearekin.

Aurreko edizioetan bezala, Bilboko Udalak bat egingo du Europako Mugikortasunaren Astearekin. Aurtengoa irailaren 16tik 22ra bitartean osptauko da, 'Konexio hobeak' goiburuarekin.

Yolanda Díaz alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak lagunduta, Nora Abetek hainbat ekimen errepasatu ditu, egun hauetan baldosak eta bidegorriak asfaltoaren lekua har dezaten.

Erriberako Merkatua aukeratu da 2022ko MAE aurkezteko, mugikortasuna eta ariketa fisikoa elikadura osasuntsuko ohiturekin modu sinbolikoan elkartzeko. Yolanda Diez alkateordeak eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak aurreratu duenez, ihazko edizioaren arrakastaren ondoren, Bilbao Zerbitzuak-ekin lankidetzan eta “Ibiltarien sarea” programaren osagarri modura, bisitak egingo dira udal merkatuetara jarduera fisikoan elikadura osasungarria sartzeak daukan garrantzia nabarmentzeko, ekonomia zirkularra eta bertoko produktuen kontsumoa sustatzeaz gain, hori guztia bizimodu osasungarria izateko.

2000. urteaz geroztik, Bilbo Mugikortasunaren Aste Europarrean ari da parte hartzen. Kanpaina horren helburua da hirietako mugikortasun jasangarriak eta garraiobide jasangarrien erabilerak dakartzan onurei buruz herritarrak sentsibilizatzea; garraiobide horien artean daude, besteak beste, garraio publikoa, bizikleta, oinezko joan-etorriak, partekatutako autoen sistemak eta abarrak.

Bi hamarkada baino gehiagotan, Bilbok hainbat ekimen gauzatu ditu, Europako Batzordeak automobilaren erabilera eta haiek eragiten dituzten isurketa murrizteko jardunbide egokienen artean dauzkanak, eta hiri-plangintzako neurriak ere ezarri ditu, uria inklusiboagoa izan dadin.

Izan ere, uriburua aitzindaria izan da, orduko 30 kilometrora jaitsi baitu kale guztietan zirkulatzeko abiadura. Ekimen horren bidez, Europako Batasuneko Hiri Segurtasuneko Saria lortu zuen, tokiko agintariek bide-segurtasunaren arloko lorpen garrantzitsu eta berritzaileei egindako ekarpena aitortzen duena.

Era berean, Bilbok bidegorrien kopurua eta hedapena handitzen jarraitzearen aldeko apustua egin du eta, horri esker, bizikleta ohiko garraiobide bihurtu da kaleetan; beste alde batetik, herritarrak oinez edo garraio publikoan ibiltzera bultzatu ditu. Azken politika horien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, “Bilbo ezagutzeko ibilbideak osasuna zaintzen duzun aldian”, “Eskola-bideak”, domeketan Moyua eta Mazarredo arteko bidea eta Mesedeetako kalea, San Nikolas eta Areatzako zubiaren arteko bidea, eta egunero hiru eskola-inguruneak oinezkoentzako bihurtzea, eta Bilbobizi bizikletak alokatzeko udal-zerbitzua jartzea.

Era berean, uriak beste ekimen batzuk gehitu dizkie horiei erregai fosilak erabiltzen dituzten ibilgailuak apurka-apurka aldatzeko, autobusen flota berritzeko, taxiak, anbulantziak eta banaketa elektrikoko ibilgailuak berritzeko edo gaur egun bizilagunen irisgarritasuna errazten duten 64 igogailu eta arrapalak abian jartzeko. Orain, MAEren esparruan, Artxandako Funikularra berritzeari, igogailu eta bidegorri berriak martxan jartzeari edo jasangarritasun turistikoko proiektuei bultzada handia emateko prestatzen ari da.

12/09/2022