Urtero bezala, Bilboko Udalak omenaldi sentikor bat egin dio Miguel de Unamuno idazleari. Ekitaldia astearte honetan goizean eginda Zazpi Kaleetan kokatutako Unamuno plazan, eta bertan hartu du parte Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, besteak beste.
Alkatearekin batera, Unamunoren ahaideak izan dira ekitaldian, eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia, eta udal korporazioaren eta Bilboko gizartearen ordezkaritza bat ere bai.
Kultur jarduerak Unamuno idazlearen inguruan
Hitzordu hau Bilboko Udalak Unamunoren jaiotzaren 158. urteurrena ospatzeko antolatutako kultur proposamenetako bat da.
Irailaren 30etik aurrera (barikua), Barrainkua udaltegian izango da erakusgai "Metáforas de lo Eterno" (Betierekoaren metaforak) erakusketa, zeinak Marta García Gasco baitu komisario; han, Unamunok berak egindako erretratuak ikusi ahalko dira, bai eta haren garaiko beste artista ezagun batzuek berari egindakoak ere, hala nola Macario Marcoartu, Joaquín Sorolla edo Manuel Losada, adiskide min izan zuena.
Erakusketaren inaugurazioa dela eta, Bidebarrieta Kulturguneak hitzaldi bat antolatu du, izenburu honekin: "Metáforas de lo Eterno. Miguel de Unamuno: los retratos y la relación con los artistas de la época" (Betierekoaren metaforak. Miguel de Unamuno: erretratuak eta bere garaiko artistekiko harremana). Irailaren 29an izango da, eguenean, 19:00etan. Hala, bada, Bidebarrieta Liburutegiko Ekitaldi Aretoan bilduko dira Marta García Gasco erakusketaren komisarioa eta Ana Chaguaceda Salamancako Unamuno Museo Etxearen zuzendaria.