“Bilboko Balioen Agiria dokumentu eskuragarria izan behar du, urirako esan nahi duenagatik, herritarrekin adostutako eta landutako dokumentua delako, eta haren edukia bizikidetzaren motorra eta bultzatzailea delako”, adierazi du Juan Mari Aburto, Bilboko Alkateak. Horregatik, Bilboko Udalak dokumentua hainbat formatu irisgarritan garatu du: testu-dokumentu (digital) irisgarria, irakurketa mintzatuko audioa, braillez inprimatua eta bideoa azpitituluekin eta zeinu-hizkuntzarekin. Helburua da Agiriaren edukia eta hura osatzen duten 17 balioak pertsona guztiengana iristea eta ulergarria izatea.
Astelehen honetan Aburtok, Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziarekin batera, urian ezintasunaren arloan lan egiten duten erakundeetako ordezkariei Gutun irisgarria eman die modu sinbolikoan, besteak beste, entitate hauei: ONCE, MINTZAGOR, Ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegia IBT-CRI, Desgaitasuna duten pertsonen ordezkarien euskal koordinakundea EDEKA, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioa, Euskal Gorrak, Bizkaiko erretinako distrofia hereditarioen elkartea BEGISARE, GORABIDE, ASPACE, Senideen eta gaixotasun mentalaren Bizkaiko elkartea AVIFES, FEKOOR, Down Sindromearen Fundazioa, FEVAS-Erabateko Inklusioa Euskadi, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundeen euskal elkartea eta APNABI.
Agiria formatu irisgarrietara egokitzea, hain zuzen, Bilbao Balioen Hiria proiektua urian ezartzeko eta agiriaren 17 balioak herritarren egunerokotasunean txertatzeko egin den eta gauzatzen ari den jarduketen multzoaren barruan dago. Material berriak egiteko, Irakurketa Errazeko dokumentua izan da abiapuntua.
Pertsona guztiengana iristeko helburu berarekin, euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, Balioen Agiria arabieraz, frantsesez, ingelesez, txineraz, errumanieraz eta portugesez dago eskuragarri, hau da, urian bizi diren pertsonen hizkuntza ohikoenetan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen atzetik.
Helburua da Agiriaren edukia pertsona guztiengana iristea, baita premia zehatzak edo ulertzeko zailtasunak dituztenengana ere, adinagatik, prestakuntzagatik edo hizkuntzaren inguruko zailtasunengatik edo ezintasunen batengatik, eta Udalak Gobernantza Onaren oinarriekin duen konpromiso irmoari erantzuten dio. Oinarri horien artean dago gardentasuna funtsezko ardatz gisa, udal-informazioa argia, zuzena, arduratsua, irisgarria eta guztientzako irakurgarria izan dadin.