Bizkaia

Bilboko Open House Jaialdiak arkitekturaren inguruko eztabaida inklusiboagoa sustatuko du Creative Europe programaren barruan

Open House, las entrañas de Bilbao

Arkitekturaren inguruko eztabaida inklusiboago bat sustatzeko eta indartzeko Europar Batasunak Creative Europe programa jarri du abian Open House Europe nazioarteko elkarlanezko proiektu berriaren barruan. Bilboko Open House Jaialdia programa berri hotenan parte hartuko du beste Europako hiri batzuekin indarrak batuz.

Open House kontzeptua 1992an sortu zen, Londresen, jendeak arkitektura hobeto aditu zezan sustatzearren. Ideia horren ardatza eraikinen euren zuzeneko esperientziaren bidez ikastea da, eta, halaber, profesionalen eta herritarren arteko harremanak. 1992tik, munduko ia 50 hirik, eta tartean Bilbok, programa bakar horretan parte hartu dute.

Formatu hori hobetzearren eta zabalagotzearren, Europako hamaika kultur erakunderen arteko elkarlanerako proiektu berri bat abiarazi da; hain zuzen, erakunde horiek, urtero-urtero, hamabi Open House jaialdi antolatzen dituzte, hainbat hiritan, hala nola Lisboa, Atenas, Stockholm, Dublin, Milan, Vilna, Esloveniako zenbait hiri, Brno, Tesalonika, Tallin, Essen eta Bilbo. Proiektuak asmotan du Open House jaialdiak Europako beste hiri batzuetan ere abiaraztea, eta ezagutzen trukea sustatzea, Open House Worldwide sarean parte hartuta.

Proiektuak hiru urte iraungo du, eta, urtero-urtero, gai zehatz bat izango du xede, dela iraunkortasuna, irisgarritasuna eta inklusioa edo etorkizuneko ondarea. Gai horiek ardatz moduan baliatuta, Open House Europe ekimenak aukera izango du eztabaida-agenda bat eratzeko, arkitektura garaikide eta ondarezkoaren gainekoa eta haren balioen eta kalitatearen gainekoa.

Proiektuaren xedea da ezagutzak trukatzeko elkarlan-modu berriak ekartzea, sektorean arkitekturari buruzko kulturaren arloan dabiltzan erakundeen posizioa indartzea, arkitekturaren eta hiri-inguruneen eredu apartekoen bidez hezkuntza sustatzea, jendea erakartzea eta kultur irisgarritasuna handitzea.

Open House Europe ekimenak jarduera eta ekitaldi berriak ekarriko ditu, kontinente osoan antolatzen direnak. Goi-bilerak egingo dira urtero, Europako hiri batzuetan eta besteetan; boluntarioak trukatzeko programa bat ere izango da; plataforma digital bat ere bai; eta, halaber, zenbait berrikuntza izango dira Open House jaialdietan. Bisitariek aukera izango dute ikusizko kontakizunetarako deialdi irekietan parte hartzeko, eta, haien bidez, gogoa biztuko zaie Open House Europe ekimenak urtero ekarriko dituen gaiak ikertzeko eta interpretatzeko, Open House jaialdiko asteburuetan bakoitzak bildu dituen esperientzia eta ezagutza baliatuz.

Open House Europa ekimena aurkezteko ekitaldia Vilnako Arte Galeria Nazionalean izango da (Vilna, Lituania), gaur bertan, martxoak 3, eta informazio- eta inspirazio-esperientzia bat izango da arkitektoentzat, kultur agenteentzat eta jende guztiarentzat. Ekitaldi horretan, proiektuaren helburuak eta xedeak azalduko dira, eta xehekiago agertuko programa. Open House Europe ekimenaren Youtube kanalaren bidez ere ikusi ahal izango da aurkezpen-ekitaldia, gaur, barikua, 19:00etan.

04/03/2023