Paragüería Leoz euritako-denda artisautza lantzen duen familia-saltoki bat da, eta hasi berri dugun 2023. urte honetan ehun urte bete ditu. Euritakoak saltzeaz gain, konpontzeaz arduratu dira Leoz familiako hiru belaunaldi. Bere mendeaurrena ospatzeko, Juan Mari Aburto alkateak oroigarri gisa Bilboko baldosa eman dio Paragüería Leoz euritako-dendako Lourdes Leoz delakoari.
Hiribilduko saltoki enblematiko hau inauguratu zenetik dago Belostikalen, Santiago Katedraleko arkupeen alboan. Bilboko alkateak eta Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok Leoz familiarekin izan duten topaketa, hain zuzen ere, “EHUN: Betiko dendak betirako” proiektuaren beste omenaldi bat da. Proiektuaren bitartez, Bilbon ehun urte beteak dituzten negozioen irudia sendotu nahi da etorkizunean ere gure artean izan ditzagun. Horretarako, askotariko aholkularitza-ekintzak jasotzen dituzte eta turismo-ikono gisa sustatzen dira.
Hori horrela, bilbotar guztion egunerokoan dauden eta ehun urte beteak dituzten saltokien zerrendan sartuko da Paragüería Leoz euritako-denda, eta besteek egiten duten bezala, Bilboko merkataritza-esentzia eta tradizioa gordetzen lagunduko digu. Paragüería Leoz euritako-dendari esker, beste saltoki historiko bat dugu Ibaiondo auzoan, zeinak Abando, Rekalde, Uribarri eta Deustuko auzoetako ehun urte beteak dituzten saltokiekin egiten duen bat.
Paragüería Leoz euritako-denda artisautza lantzen duen familia-saltoki bat da, eta euritakoak saltzeaz eta konpontzeaz arduratzen dira bertan. Dendan leku, pertsona eta egoera guztietarako euritakoak ikusi daitezke. Juan Leozek sortu zuen denda, berak Posta kaleko antzinako euritako-denda batean ikasi zuen lanbidea. Denda hori itxi zutenean, Belostikalen bere euritako-denda instalatzeko erabakia hartu zuen Juanek.
Ordutik, negozioan aritu dira Juan Leozen seme-alabak, Elisa, Fernando eta Juan Manuel, eta gaur egun ilobak kudeatzen du, Lourdes. Txiki-txikitatik barneratu zuen euritakoak saltzeko eta konpontzeko gaitasuna, eta, horretarako, aitonak utzi zizkion tailer eta lanabes bereziak ditu.