2023an Bilboko Udal hilerria kultura-jarduerez beteko da. Horrela adierazi dute ostiral honetan Yolanda Díez Bilboko Udaleko alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak eta José Antonio Fernández Bilbao Zerbitzuak erakundeko gerenteak programazioa aurkeztean.
“Bilboko udal hilerriak duen arte-aberastasuna sustatzea, balioestea eta ezagutaraztea helburu duten jarduera-programa zabala eta aberatsa da, ondare kultural, historiko-artistiko, paisajistiko eta hileta-ondarearen zati garrantzitsu bat baitauka” adierazi du Yolanda Díezek.
Aurtengo programazioak 6 mugarri garrantzitsu izango ditu: Aurrenekoa martxoaren 19an (domeka) izango da, Aitaren Egunaren barruan. Hurrenkeraren arabera, honako ekintza hauek nabarmenduko ditugu: apirilaren 22an, II. argazki-lehiaketa eta poesia-errezitaldia; maiatzaren 7an (domeka), Amaren Eguna; ekainaren 3an, pintura azkarreko II. Lehiaketa aire zabalean eta poesia-errezitaldia Bilboko hilerrian; udan, uztailaren 1ean, bisita pertsonaia ospetsuen hilobietara, gauez; Domu Santu Egunari lotutako I. sukaldaritza-lehiaketa, eta, urtea amaitzeko, ohi bezala, Bilboko Udal Hilerriak omenaldia egingo die hildako guztiei, azaroaren 1ean, Domu Santu Egunean.
“Bilbao Zerbitzuak erakundeak tokiko kultura eta ondarea sustatzen lagundu nahi du, eta uste dugu hilerria bisitatzea aukera ezin hobea dela Bilbo eta bertako biztanleak sakonago ezagutzeko”. Horregatik, eta 2022an antolatu genituen jarduerek arrakasta izan zutela ikusita, leku hori beste modu batera ezagutzeko beste aukera bat eskaintzen dugu” gehitu du Bilbao Zerbitzuak erakundeko gerente José Antonio Fernándezek.