Bizkaia

Bilboko Udal liburutegiek 500.000 bisita baino gehiago izan zituzten 2022an

En la imagen, la entrada a la Biblioteca de Bidebarrieta de Bilbao.

Bilbotarrek gero eta gehiago erabiltzen dituzte Udal liburutegien zerbitzuak. Horrela adierazten dute Bilboko Udalak argitaratutako datuek non agertzen den liburutegietara joaten direnen kopuruak % 12,2 egin duela gora, eta guztira 530.526 bisita izan dituztela 2022ko urtarriletik abendura. Txartelen eskakizunak ere egin dute gora, 2.612 lagunek eskatu zuten txartela iaz, eta 115.398k txartela dute dagoeneko. Erabiltzaile horiek 280.248 mailegu egin zituzten, 2021ean baino % 5,3 gehiago.

Udalak ezinbestekotzat jotzen du liburutegiak “topagune eta elkartruke sozial eta kulturalerako gune bihurtzea”. Horregatik, 2022ko beste gertaera nabarmenetako bat ekipamendu publiko berri bat irekitzea izan da: abenduaren 16an Basurtuko Liburutegia inauguratu zen, La Perrera eraikinean. Liburutegi honek 310 m2-ko azalera du eta 64 plaza eta 7.000 liburutik gorako bilduma ditu.

Liburutegi berri honekin sareko ekipamenduen kopurua 16 da: Liburutegi Nagusi bat, Bidebarrietakoa; bi Barruti Liburutegi, Deustukoa eta Begoñakoa; hamabi Auzo Liburutegi: Basurtukoa, San Inaziokoa, Zurbaranbarrikoa, Castañosekoa, Otxarkoagakoa, San Frantziskokoa, San Adrianekoa, Iralakoa, Ibaialdekoa, Errekaldekoa, Zabalakoa eta Zorrotzakoa; eta Buiako zerbitzugunea.

2022an, jendearen eskura zeuden materialen kopurua (liburuak, egunkariak, aldizkariak, filmak, musika, mapak eta abar) 26.305 aletan handitu zen, eta Udal Liburutegien bilduma 521.568 liburukitan kokatu zen.

Bilboko Udalak azpimarratu du “adin guztietako biztanleen artean irakurzaletasuna bultzatzen eta indartzen jarraitzeko apustua egin duela. Kultura arlotik, ezinbestekotzat jotzen dugu Udalaren kultura-gune horien erabilera bultzatzea, jarduera eta zerbitzu zabal eta askotarikoekin. Bilbotarrek zerbitzu-katalogo zabal eta oso zainduaz gozatzen jarrai dezaten ahalegintzearen aldeko apustua egiten dugu, irakurtzeko ohitura sendotzeko eta zaintzeko”.

Testuinguru horretan, 2022an zehar, Udal Liburutegiek 374 kultura-jarduera antolatu zituzten, eta horiekin, 4.091 pertsonak gozatu zuten. Horrela, hiriko hainbat plazatan egiten den Udako Liburutegiak programan parte hartu zutenei gehituta, guztira 13.365 parte-hartzaile izan ziren, 2021ean baino % 60 gehiago. Internetera sartzeko zerbitzuak ere gora egin du: 16.321 saio erregistratu ziren liburutegietako erabilera publikoko ordenagailuetan, hau da, aurreko urtean baino % 52 gehiago.

15/02/2023