Buscar
Bizkaia

Bilboko Udalak 663,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2023an

2023ko udal aurrekontuen aurkezpena.
2023ko udal aurrekontuen aurkezpena.

Bilboko Udalak historiako aurrekonturik handiena izango du datorren ekitaldian. Guztira, 663,5 milioi euro izango ditu, hau da, aurten baino 30,3 milioi gehiago. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok proiektua aurkeztu egin du ostegun honetan.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak 2023ko ekitaldirako udal aurrekontuen proiektua aurkeztu du gaur. 663,5 milioi euro izango ditu, aurten baino 30,3 milioi gehiago.

“Aurrekontuokin, etorkizuna proiektatzen jarraitu nahi dugu, hirirako ekimenekin eta kudeaketa onaren makineria are gehiago aktibatuz, mundu mailako egoeraren ondorioz izan daitezkeen ezustekoen aurrean beti prest egoteko”, esan du Aburtok.

Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziak lagunduta, 2023rako proiektua egiteko gakoak aurreratu ditu lehenik, eta honela definitu du: “Aurrekontu ona, arduratsua eta errealista, izaera sozialekoa eta zerbitzu publikokoa, Bilbo erakargarri, inklusibo eta jasangarri bat eraikitzeko. Aurrekontu horretan, udaleko sail guztiek euren proiektuak aurrera ateratzeko behar beste baliabide izango dituzte”.

Oinarri horiekin, alkateak zehaztu du aurrekontuaren hurrengo urterako lehentasunezko helburuak honako hauek direla: “baliabideen kudeaketa on baten bidez, balizko erronka edo ezustekoei aurrea hartzea; Bilboren garapen ekonomikoa bultzatzea, betiere pertsona eta sektore kalteberenei arreta emanez, inor atzean utzi gabe, eta uriko pertsonen eta auzoen bizi-kalitatea hobetzeko inbertsioarekin jarraitzea”.

Juan Mari Aburtok azpimarratu du bere talde osoaren esfortzuarekin egin dituztela kontu hauek. Kontuok “gure hiriaren beharrei erantzuten diete, hau da, etengabe proiektatzen ari den hiri baten beharrei. Hirian etengabe lan egin dugu, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiak markatutako garai batetik baikatoz. Berehalako eta premiazko erronkei aurre egiteko ekimenekin, baina baita etorkizunera begira ere, eta betiere balizko erronken aurrean prestatuta”.

2023rako zifra handiak

2023ko aurrekontuaren proiektua osatzen duten zifra handiei dagokienez, nabarmendu behar da % 4,8 handitu dela aurtengo urtearekin alderatuta, 663.500.000 euro guztira. Udalkutxa funtsetatik datorren ekarpena 386 milioikoa da.

“Garrantzizko” datu bat: aurten ere ekitaldia ZERO ZORRAREKIN itxi nahi dugu. Horretarako, 26,9 milioi euroko kreditu-eragiketa aurreikusten da, exekutatu behar izango ez dena, udal gerakinak baitauzkagu. “Kontua da –alkateak azaldu duenez– kontu saneatuak izatearen helburua betetzea, eta beti kudeaketa ona aplikatzea sail eta proiektu guztietan”.

Diru-sarreren atalaren barruan, Udalkutxari dagozkionak guztien % 58,2 dira; udalek zerga eta tasei dagozkienak, % 31,2; eta beste diru-sarrera batzuei dagozkienak, % 10 baino zertxobait gehiago.

Gastuen atalean, oinarrizko zerbitzu publikoen partidak gora egin du: 314 milioi euro dauzka, eta 2022an 299 izan zituen (saneamendua, argiak, zaborra, ...). Udal inbertsio publikoa 117 milioi eurokoa da (114,9 M€ 2022an). Auzoetako inbertsioa, berriz, 53 milioi eurokoa da (50 M€ 2022an).

Aipatzekoa da, baita ere, langileria/plantilla gastuen kapitulua: 184 milioi euro.

2023rako proiektu batzuk

Datorren urterako egindako aurrekontuarekin, hirirako proiektu berriak jarriko dira abian, besteak beste, auzoetako obrak, kirol-instalazioak, hiri-berroneratzea, igogailu berriak, nazioarteko inpaktuko ekitaldiak, hala nola Tour edo NBEren Bilboko GJH Bulegoa.

Proiektu aipagarriak:

  • Auzokide Planaren obrak: 13.210.235€
  • Elementu mekaniko / igogailu berriak: 6.961.000€
  • Deustuibarrako uholde-depositua: 5.503.600€
  • Gizarte-larrialdiko laguntzak:5.000.000€
  • Agirre Lehendakariaren etorbidearen berrurbanizazioa:4.728.700€
  • Saneamendu-sarea berritzea:4.100.000€
  • Etxebizitza komunitarioan sartzeko laguntzak:3.575.750€
  • Zorrotzaurreko ituntze-batzarra:3.570.000€
  • Enplegu-planak:3.523.665€
  • Frantziako Tourra 2023:3.000.000€
  • García Rivero ikastetxeko zurajeko elementuak ordeztea: 2.500.000€
  • Rodriguez Arias merkataritza-korridorea:1.890.000€
  • Deustuibarrako babes-horma:1.888.700€
  • Enekuri-Elorrieta-Artxanda konexioa: 1.837.400€
  • Oinezko ardatza Txurdinagako ekobulebarrean:1.802.500€
  • Zorrotzaurreko energia berriztagarrien sistema:1.694.700€
  • Artxandako kiroldegia eraberritzea:1.600.000€
  • Itxaropen kaleko ekipamendua:1.401.600€
  • Zorrotzako atletismo-pistako aldagelak:1.100.000€
  • Bilbao Arte museoa handitzea espazio berri batean: 1.100.000€
  • Uraren hornidura-sarea berritzea:1.002.148€
  • Errugbi gimnasioaren eraikina Errekalden:1.000.000€
  • Etxegabekoentzako laguntza:950.441€
  • Artxandako errepidea pasealeku bihurtzea:909.600€
  • Suhiltzaileen autoeskailera:890.000€
  • Artxandako Topaketaren parkea:800.000€
  • Etxetik kaleratutako eta birkokatutako familientzako laguntzak:800.000€
  • Mª Díaz de Haro kalea urbanizatzea. I. fasea:790.200€
  • Adinekoen elkarteentzako laguntzak:783.000€
  • Zazpi Kaleetako argiztapenaren efizientzia:758.935€
  • Basoak eta antzeztokia Etxebarria parkean:700.000€
  • Auto elektrikoak kargatzeko puntuak egoiliarren aparkalekuetan:375.000€
  • Irisgarritasuna hobetzea Zabalako udaltegian:350.000€
  • La Perrera-Maker gunea:336.015€
  • NBEren GJH Bulegoa:250.000€
  • Bakearen eta Bizikidetzaren Foroa: 50.000€
  • AHT lurperatzeko aukeren azterlana:230.000€

Herritarren proiektuak

Datorren urteko aurrekontuan, gainera, herritarrek proposatutako proiektuak sartzen dira, 2 milioi euroko inbertsioarekin. Guztira 28 proposamen hautatu dira, eta horietatik 17 lehenetsi dituzte herritarrek, beren botoekin.

  1. Rafaela Ibarra kalean espaloiak eta irisgarritasuna konpontzea: 300.000€.
  2. Zurbaran HLHIPeko sarbideak egokitzea: 300.000€.
  3. Kañu pasealekuan baranda aldatzea: 300.000€.
  4. 0-3 urteko haurrentzako zabuak San Ignazio - Ibarrekolandan: 300.000€.
  5. Argiztapen publikoa areagotzea Agirre Lehendakariaren etorbidean, San Ignazion: 202.000€.
  6. Wifi guneak jartzea parkeetan: 121.000€.
  7. Argiztapen publikoa hobetzea San Frantziskon: 60.000€.
  8. Etxerik gabeko pertsonentzako ostatatze-plazak gehitzea, maskotekin sartzeko aukera ematen dutenak: 90.000€.
  9. Ibilbide tematikoak sortzea Gerra Zibilaren eta Bilbon izan zituen ondorioen memoria historikoa sendotzeko: 90.000€.
  10. Altzariak ipintzea Sarrikoko parkean hondartza berde bat sortzeko: 90.000€.
  11. Kaleko katuen populazioa zaintzeko eta babesteko programa sendotzea: 50.000€.
  12. Bankuak jartzea Abusu auzoan: 30.000€.
  13. Esku-hartze artistikoa Clara Campoamorri omenaldia egiteko haren heriotzaren 50. urteurrenean, genero-berdintasunari egin zion ekarpenagatik: 15.000€.
  14. Tabakoaren kontsumoa desnormalizatzeko kanpaina: 15.000 €.
  15. Animalien adopzio arduratsua sustatzeko kanpaina: 15.000€.
  16. Arraza-diskriminazioa gutxitzeko sentsibilizazio kanpaina: 15.000€.
  17. Bizi-ohitura osasungarrien gaineko kanpaina Bilbo Zaharrean eta San Frantziskon: 5.000€.

Aurrekontua, sailen arabera

Hurrengo urterako aurreikusitako kontuen arabera, sail gehienek zifrak handituko dituzte. 2023rako funtsezko helburuak kontuan hartuta, baliabideak, batez ere, zerbitzu publikoak, pertsonen bizi-kalitatea / gizarte-kohesioa eta garapen ekonomikoa ziurtatzean oinarritzen dira.

Aurrekontua sailka, 1. Kapitulua (Langile-gastuak)* kenduta:

  • Zerbitzuak eta Bizi Kalitatea: 97.632.000€.
  • Mugikortasuna eta Jasangarritasuna: 69.674.700€.
  • Obrak, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoak: 59.014.800€.
  • Ogasuna: 53.639.400€.
  • Gizarte Ekintza: 45.703.900€.
  • Kultura eta Gobernantza: 39.016.110€.
  • Ekonomiaren Garapena, Merkataritza eta Enplegua: 28.500.000€.
  • Gazteria eta Kirola: 18.606.300€.
  • Herritarren Arreta eta Partaidetza eta Nazioarteko Gaiak: 16.526.700€.
  • Obrak eta Zerbitzuak – Barrutiak: 13.210.300€.
  • Euskara eta Hezkuntza: 9.962.500€.
  • Herritarren Segurtasuna: 8.622.000€.
  • Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak: 6.614.900€.
  • Hiri Berroneratzea: 3.565.500€.
  • Osasuna eta Kontsumoa: 3.504.500€.
  • Berdintasuna: 1.198.100€.
  • Etxebizitza: 640.000€.

* 1. Kapitulua (Langile-gastuak): 184 M €)

Gardentasuna: aurrekontu-izapidearen datak

Juan Mari Aburto alkateak aurrekontua izapidetzeko aurkeztu duen prozesua Gobernu Batzordeak ezohiko bileran onartu ondoren hasi da gaur, Marta Ajuria Ogasuneko zinegotziak udal-ordezkaritza duten talde politiko guztiei Batzordean azaldu ondoren.

Bilboko Udalaren Erregelamenduari jarraituz, gaur bertan Bilboko Udalaren udal webgunean argitaratu eta barrutietako kontseiluetara bidaliko dira.

Aldi berean, datorren astean zehar, zinegotziek nork bere saileko kontuak eta aurreikuspenak aurkeztuko dituzte, zuzenketak egiten jarraitzeko. Zuzenketak eztabaidatu egingo dira aurrekontuen proiektua onartzeko azaroaren 28an egingo den aparteko osoko bilkuran.

Aurrekontuen proiektua behin betiko onartzeko beste osoko bilkura bat egingo da, abenduaren 28an. Abenduaren 30ean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira aurrekontuak.

2022-11-06T17:13:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo