Bilboko Udalak 3 eta 11 urte bitarteko umeentzako Aste Santuko aisialdi hezigarriko programetan izena emateko epea ireki du martxoaren 3ra arte. Guztira 954 plaza daude, eta eskaerak www.bilbao.eus webgunean eta 010 eta 944 010 010 informazio telefonoetan egin daitezke.
Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, jardueren xedea da hezkuntza ez-formala lantzeko espazioa eskaintzea, aisialdiko jarduerekin jolasteko aukera emanez. Programen bidez, lana eta familia bizimodua uztartzeko modua eskaini nahi da, eta umeei aukera eman trebetasun eta joko berriak ezagutzeko eta euren inguruneko beste adingabe batzuekin harremanak egiteko.
Plazen zozketa publikoa martxoaren 5ean egingo da, Gazteria eta Kirol Sailaren egoitzan (La Perrera). Emaitzak martxoaren 6tik aurrera kontsultatu ahal izango dira, eskaera egin den gune berberetan, eta plaza lortzen duten pertsonek martxoaren 6tik 11ra bitartean eman ahal izango dute izena.
Behin izena emanda, plazaren formalizazioa prezioa ordainduz egingo da: 10,20 euro izango da orokorra, 7,50 euro familia ugarientzat edo guraso bakarrekoentzat, eta 3,60 euro Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gutxieneko Sarrera jasotzen dutenentzat. Izena bigarren asterako eman bada, 13,60 euro, 10,00 euro eta 4,80 euro ordaindu beharko da, hurrenez hurren.
Itxarote zerrendan geratuz gero, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Umeen Gaietarako Zerbitzua interesdunekin jarriko da harremanetan, zozketarekin sortutako itxarote zerrendaren ordenari jarraituz.
Jarduerak Bilboko barrutietako udaltegietan egingo dira eta, meteorologiak ahalbidetzen duen guztietan, programaren egoitzatik hurbil dauden gune irekietan.
Hala, programetan parte hartu ahal izango dute 3 eta 11 urte bitartekoek (2013 eta 2021 bitartean jaiotakoak). Hala ere, programazioa hiru adin-tartera egokituta dago, 2013-2015, 2016-2018 eta 2019-2021 bitartean jaiotakoentzat, alegia, eta euskara izango da komunikazio hizkuntza nagusia.
Aurten, Basurtuko Udaltegian eta Esperantzan STEAM gaiko koloniak eskainiko zaizkie 2013 eta 2015 bitartean jaiotakoei, eta zientziara, teknologiara, matematikara eta abarretara hurbilduko dira modu ludikoan.
Eskoletako oporretako bi asteetako bat aukeratu ahal izango da, hau da, apirilaren 14tik 16ra edo 22tik 25era. Ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da, baina sarrera eta irteera malguak izango dira, 09:00etatik 09:30era eta 13:30etik 14:00etara. Bilbon erroldatutako haurrentzako programak dira, baina Abusuko kasuan, Arrigorriagako familiek ere izango dute aukera.