Bizkaia

Bilboko Udalak eta Kutxabankek merkataritza hobetzeko plataforma bat sortu dute

Plataformak datuak aztertzen ditu gaur egungo merkataritzaren egoera ezagutzeko
Bilboko Udalak eta Kutxabankek merkataritza hobetzeko plataforma bat sortu dute

Bilboko Udalak eta Kutxabank batu dira gaur egungo merkaratitzaren egoera ezagutzeko. Bi erakundeen lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, plataforma berritzaile teknologiko sortzeko eta, horren bidez, datuak aztertzeko. Horrela, bultzada ekonomiko berri bat eman nahi diote sektoreari.

Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok eta finantza-entitateko zuzendari nagusia den Eduardo Ruiz de Gordejuelak prentsaurreko batean eman dute ezagutzera hitzarmenaren edukia.

Plataformari esker, teknologiaren bidez eta datuak elkartuz, guztiz ezagutu ahal izango dugu Bilboko merkataritzaren gaur egungo benetako egoera, bai eta bilakaera ere. Horrela, erabaki estrategikoak hartu ahal izango dira, bai hiriari dagokionez, bai establezimenduei dagokienez, eta kudeaketa hobetu etekin zein enpresa-lehiakortasun handiagoa lortzeko. Bestalde, udalak hipotesiak sortu eta kontrastatu ahal izango ditu, besteak beste, merkataritza eremu eta ardatz berriak, zenbait auzotan sektoreka proiektatzea etab.

Bi erakundeen arteko hitzarmenaren muina, hain zuzen ere, txikizkako merkataritza indartzen laguntzea eta tokian tokiko merkataritza-jarduera dinamizatzea da, datuak eta punta-punta teknologiak uztartuz.

«Aspalditik lortu nahi den xedea da, baina pandemiak prozesua azkartu du», adierazi dute.

UDALAREN ETA KUTXABANKEN ARTEKO LANKIDETZA

Hastear dagoen proiektu hau ekimen konplexu bat da, irismen handikoa eta berrikuntzarako osagai ugari eta garrantzitsuekin. Lau urteko iraupena aurreikusi da, bi fasetan banatuta:

Lehenengo fasea 2023. urtean amaituko da, eta hauxe gauzatuko da: plataforma garatzea eta datuak biltzea. Bigarren fasea, martxan jartzen denetik, informazioa eguneratzeko, mantentzeko, ustiatzeko eta aztertzeko erabiliko da.

Udala, Bilbao Ekintza sozietatearen bitartez, tresna teknologikoa garatzeaz arduratuko da, non merkataritzaren sektorearen esparruko informazio sozioekonomikoa biltegiratu, aztertu, partekatu eta erakutsi ahal izango den, betiere, datuak emanez.

Kutxabankek, bere aldetik, estatistika-datu anonimoak eta babestuak eskainiko ditu, eta erakundearen txartelekin eta saltokietako TPVekin egindako transakzioei gehituko zaizkie.

AURREKARIAK

Datuak aztertzeko tresna bat garatuko da, merkatari, ekintzaile eta udalari sektorearen egoera hobetzeko erabakiak hartzen laguntzeko, gaur egungo hiri-merkataritzaren bilbea eta kontsumitzaileen joera hobeto ezagutuz. Udalak aspalditik gauzatu nahi zuen proiektua dugu.

Aldez aurretik, hiribilduko gastuarekin eta mugikortasunarekin zerikusia duten zenbait esperientzia aztertu dira, eta, gainera, iturri ofizial batzuetatik jasotako datuak daude, Bilboko Behatokia delakoaren bitartez bildutakoak, esaterako.

14/07/2022