Bizkaia

Bilboko Udalak kultura-bonuen kanpaina berri bat jarriko du martxan

Emakume bat, liburudenda baten erakusleihoaren aurrean.

Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, Bilboko Udalak hainbat sektoreri laguntzeko bonuen hainbat kanpaina jarri zituen martxan. Bada, kanpaina horien arrakasta kontuan izanda, kulturaren sektoreari laguntzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan ostegun honetan, irailak 8.

Azken edizio honen aurrekontu osoa 400.000 euroko da eta 30.356 bonu jarriko dira herritarrentzako salgai.

Horiek horrela, bihartik aurrera establezimenduek kanpainarekin bat egin ahalko dute, aurreko edizioetan bezala, webgune honen bidez, erabilera eta sarbide errazeko plataforma. Kanpainarekin bat egiteko epea 2023ko martxoaren 23ra arte egongo da zabalik (egun horretan emango zaio amaiera kanpainari). Establezimendu bakoitzeko bonuaren muga 30.000 euro da.

Aldi horretan, informazioa emateko onlinehitzaldiak eskainiko dira, merkatariek nahi beste kontsulta egin ditzaten.

Era berean, galderak eta kontsultak egiteko aukera dago bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoan eta 94 420 53 95 telefono-zenbakian (ordutegia: 09:00etatik 14:00etara).

Nork egin dezake bat?

Ikuskizunak aretoetan, lokaletan, aire librean eta ikuskizunak antolatzen dituzten enpresak; liburuen, egunkarien eta abarren txikizkako merkataritza, zinema-aretoak eta bideo-filmen alokairua. Arte-galeriak, liburutegiak eta museoak. Margolari, eskultore, zeramikari, artisau, grabatzaile eta antzeko artistak. Honako salgai hauen txikizkako merkataritza: musika instrumentuak eta horien osagarriak, zigiluak, txanponak, oroitzapenezko dominak eta bildumazaleentzako billeteak, artelanak, antzinako objektuak, mineralak...

Produktu hauek Bilboko Kultura Bonutik kanpo geratuko dira: papergintza-produktuak; informatikako eta elektronikako ekipamendu, software eta kontsumigarriak; jokoak eta bideo-jokoak, bai eta ikasteko testuliburuak eta testuliburu profesionalak ere.

Herritarrentzako salmenta

Bilboko Kultura Bonuak herritarrentzako salgai jarriko dira 2022ko urriaren 5etik 2023ko otsailaren 15era arte edo bonuak agortu arte, eta lehenengo egunetik erabili ahalko dira. Bonuak 2023ko martxoaren 15era bitartean erabili ahalko dira.

Aurrekoetan bezala, bi motako bonuak egongo dira:

  • 20 eurokoak: horietatik 10 € bezeroak ordaintzen ditu, eta beste 10 € udalak.
  • 40 eurokoak: horietatik 20 € bezeroak ordaintzen ditu, eta beste 20 € udalak.

Bono Bilbaoren webgunean edo sarrerak erosteko Kutxabank kutxazainetan erosi ahalko dira bonuak.

Pertsona bakoitzeko (NAN) gehienez ere 10 bonu erosi ahalko dira, eta tiket bakoitzeko lau bonu erabili ahalko dira gehienez. Tiketaren zenbatekoak bonuen zenbateko berekoa edo handiagoa izan beharko du. Horrez gain, bonuak bateragarriak izango dira beste administrazio batzuek eskaintzen dituzten bonu batzuekin; beraz, erosketa berean pilatu ahal izango dira. Aurreko kanpainetan bezala, bonuak erabiltzeko, establezimenduan bertan erakutsi beharko da QR kodea edo paperean inprimatutako bonua.

Kanpainaren helburua honako hau da: sektore horien berraktibazio ekonomikoari laguntzea herritarren zuzeneko kontsumoaren bidez eta dirulaguntza zabal batekin, bereziki udazkeneko eta neguko hilabeteetan.

11/09/2022