Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, Bilboko Udalak martxan jarriko du berriro uriko nagusien ongizatea sustatzea helburu duen 'Adinekoentzako osasuna' programa. Guztira, 154 tailer egingo dira datorren urteko ekainera arte.
Yolanda Díez Bilboko Udaleko alkateorde eta Osasun eta Kontsumoko zinegotziak nabarmendu duenez, «horrelako jarduerekin bilatzen dugu, batetik, adinekoen artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzea eta haientzako onura fisikoak lortzea —adibidez, mugikortasunean duten segurtasuna hobetzea—, eta, bestetik, eragin psikologiko positiboa eragitea, horrelako jardueren diseinuari esker sortzen den elkarrekintza sozialaren bitartez».
2.521 lagunek hartuko dute parte antolatutako 154 tailerretan, eta zenbait motatako jarduerak egingo dituzte. Hala nola: parte-hartzaileen adinera egokitutako eta profesionalek zaindutako ariketa fisikoen saioak, astero; elikadura osasuntsuari buruzko hitzaldiak; adinekoen interesekoak diren gaiei buruzko osasun-sustapenaren alorreko kanpainak (COVIDa edo gripea bezalako gaixotasunak prebenitzeari buruzkoak, adibidez), eta adinekoek sozializatzeko jarduerak (Gabonetako edo Itsasadarreko jaiak, esaterako).
Joan den urtean, 99 tailer egon ziren, eta, guztira, 1.200 adinekok hartu zuten parte. Jarduera fisikoak egin zituzten Udalaren 26 lokal eta zentrotan, bizilekutik hurbil, urtarriletik ekainera eta urritik abendura bitartean.
Saiotan parte hartzeko taldeak eratuta daude jada, baina itxarote-zerrenda bat zabaldu da izena eman nahi dutenentzat, lekuren bat hutsik geratzen bada.
Ibiltarien Sarea eta parke bio-osasungarriak
Programan garatutako jardueren osagarri gisa, eta adinekoentzako ohitura osasungarriak sustatzeari dagokionez, Bilbon adineko askok hartzen dute parte ibiltarien 15 sareetan eta udalerriko zortzi barrutietako 16 parke bio-osasungarrietan.
Iaz, adineko ugarik hartu zuen parte ibiltarien sareko ibilbideetan. 175 saio egin zituzten, eta, guztira, 5.500 lagun bildu zituen ekimenak. Ibiltarien sareak bost maila ditu, distantziaren, iraupenaren, desnibelaren eta lurrazal motaren arabera, eta adinekoek ibilbide errazenak egin ohi dituzte. Orokorrean, jarduerak harremanetarako eta sozializatzeko ematen duen aukerak erakarrita etortzen dira.
Parke bio-osasungarriei dagokienez, 2021-2022an 175 saio egin ziren aire zabalean, eta 2.000 lagunek hartu zuten parte (gehienak, adinekoak).
NAOS saria
Kontsumo Ministerioaren Aesan Elikadura-segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak NAOS Estrategia Saria eman dio, aurten, Bilboko Udalak adinekoentzako antolatutako jarduera fisikoko programa integralari —familia- eta komunitate-eremuan jarduera fisikoa praktikatzea sustatzen duten ekimenei aintzatespena egiten die sari horrek—.
Sariak Bilboko Udalari aitortzen dio 70 urtetik gorakoen bizi-kalitatea hobetzeko gaitasuna, adinekoen beharrizanetara egokitutako jarduera fisikoa sustatzearen bitartez. Horrelako ekimenei esker, adinekoen narriadura funtzionalaren tasa txikitzen da, eta adinekoek beren ingurune sozialean integratzea eta komunitatean parte hartzea mantendu eta/edo sustatzea ahalbidetuko duen autonomia-mailari eusten zaio.