Buscar
Bizkaia

Bilboko Udalak premiazko neurriak hartu ditu etxerik gabeko pertsonentzako hotza dela eta

Bilboko Udalak premiazko neurri batzuk hartu ditu etxerik gabeko pertsonentzako
Bilboko Udalak premiazko neurri batzuk hartu ditu etxerik gabeko pertsonentzako

Datozen egunetarako muturreko tenperatura baxuak aurreikusten direnez, Bilboko Udalak premiazko neurri batzuk hartu ditu etxerik gabeko pertsonentzako. Hainbat alojamendu-baliabide aktibatu ditu gaur gauerako eta datozen egunetarako, harik eta denboralea amaitu arte.

Honelako eguraldi hotza dagoenean, Udalak aterpeetan sartzeko baldintzak murrizten ditu, aterpeetan ez da egonaldirik amaitutzat ematen eta egonaldiak modu automatikoan luzatzen dira, hotz-boladak irauten duen bitartean. Denboralea amaitzen denean, kasuak berriro baloratzen dira.

Bilboko Udalak egoeraren eta aurreikuspen meteorologikoen etengabeko jarraipena egiten du, eta, horren arabera, neurri berriak hartzen ditu. Aurreko urteetan bezala, larrialdiko alojamendu-plaza gehiago prestatuko dira, eskaririk egonez gero.

Baliabideok behar dituzten pertsonak Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuarekin (Uribitarte kalea 11, 944701460 telefonoa), kalean lan egiten duten gizarte-hezitzaileen taldearekin edo Udaltzaingoarekin (092-112) harremanetan jarri beharko dira.

Modu berean, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak detektatzeko, elkarlana areagotuko da Bilboko Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta eguneko arretako gizarte-baliabideekin, hau da, eguneko zentroekin eta jantoki sozialekin, besteak beste.

374 plaza 13 baliabidetan

Bilboko Udalak gaueko harrerako udal zerbitzua eskaintzen du, Gizarte Zerbitzuen Legea garatzen duen dekretuan araututako eskumena betez. Eskaintzen diren baliabideak intentsitate txikiko dispositiboak dira, bazterketa egoeran dauden pertsonei laguntzeko (bereziki, etxerik gabeko pertsonei laguntzeko). Gaua emateko lekuak dira. Berehala eskaintzen dira, iraupen laburreko egonaldiak egiteko (gehienez astebetez).

Bilbok 374 plaza dauzka urte osoan zehar, hiri guztian banatuta dauden 13 baliabidetan, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak ezartzen dituen betebeharrei erantzuteko.

2023-01-20T17:59:07+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo