Bizkaia

Bilboko Udalak udaltzaingoen plazen % 33a emakumeentzat erreserbatuko du 2023an

Policía Municipal de Bilbao.

Bilboko Udalak Gizonezkoen eta Emakumezkoen Berdintasunerako lehen Plana onetsi du Udaltzaingoarentzat eta bertan agenteen plazen % 33 emakumeentzat erreserbatzea 2023an adosten da. Plantillak, gaur den egunean, 894 agente dauzka, eta, horietatik 143 (% 16) emakumezkoak dira.

netsi deneko data ardura handikoa da, Udaltzaingoko langileen arteko harremanetan berdintasunaren kultura eragin nahi duen dokumentu bat izanik, berdintasunaren arloko balioetan eta sinesteetan harago joan nahi duena eta urrats berriak egin nahi dituena langileei genero-ikuspegia egikaritzearen arloko gaikuntza emateko eginkizunean.

Agiria idazteko arrazoia, haren helburuak, estrategia-lerro eta proiektuak eta agirian jasotako ekintza zehatzetako batzuk gaur aurkeztu dituzte Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko Saileko zinegotziak eta Nekane Alonso Berdintasuneko Saileko zinegotziak. Haiekin batera izan dira Bilboko Udaltzaingoko hainbat emakumezko agente.

Hiru dira Udaltzaingoaren Berdintasunerako Planak aurreikusten dituen helburuak:

  • Plantillan egikaritzea berdintasunaren arloko politika publikoak: Udal gobernuaren arlo horretako lehentasunak, eta Udalaren Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Ordenantzaren eta V. Planaren printzipioak eta helburuak.
  • Udaltzaingoaren jardun-eremuan eta eskumen-eremuan genero-ikuspegia aplika dadila sustatzea, lehentasuna emanez desberdintasun-tartea ezabatzeko eginkizunean aurrera egiteko modua emango duten ekintzei eta tresnei.
  • Ekintza positiboak garatu eta egikaritzea, epe laburrean eta desberdintasunak nabarmenen diren arloetan berdintasunerako emaitza eraginkorrak lasterrago lortzearren.

Berdintasunaren kultura bat ezartzea Udaltzaingoaren plantillaren barruan, eta kultura horri eusten dioten balioak sustatzea eta sendotzea: plan onetsi berriaren erronketako bat.

Horretarako, besteak beste, hainbat ekintza proposatzen dira, hala nola kidegoa osatzen duten kideen arteko harremanen eredua, genero-ikuspegi batetik hobetu daitezkeen arloak bereiztea, Udaltzaingoaren eta herritarren arteko harreman-eredua identifikatzea. Hori guztia antolatzeko, hainbat ekintza zehatz baliatuko dira, hala nola:

  • Emakumeek polizia-arloan egiten duten lana agerira ekartzea, egingo diren komunikazio-kanpainetan.
  • Emakumeek polizia-kidegoari egindako ekarpenari ezagutza agertzeko ekitaldiak antolatzea.
  • Inprimaki, inkesta, datu-bilketa eta estatistika guztietan genero-aldagaia sar dadin sustatzea (eta laukitxo bat ere bai binarioak ez direnentzat).
  • Plantillan genero-estereotiporik ba ote den bilatu eta aurkituz gero haiek kentzeko lan egitea, eta baita ere pertsonendako arreta eta atxilotze-prozesuetan.
  • Agenteen arteko harremanetarako, arreta pertsonalaren eredua lantzea, eta baita agenteen eta herritarren arteko harremanetarako ere: entzute aktiboa, azalpen egokiak, pazientzia, ulertzea, helduen arteko harremana, hizkuntza irisgarria.

Halaber, planaren bidez berdintasunaren arloko balioetan eta sinesteetan barnerago joateko ahalegina egingo da, eta aurrera egingo da, orobat, genero-ikuspegiaren inguruko gaikuntza ematen langileei; beraz, eragina izango du formazioa planifikatzeko eginkizunean eta ikastaroetan ere, ekintza hauen bidez, besteak beste:

  • Udaltzaingoaren formazio-planean sartzea berdintasunaren inguruko ikastaroak: hizkera inklusiboa, lana eta familia bizimodua uztartzea, indarkeria matxista, zainketak...
  • Langileek ikastaro horietan parte har dezaten sustatzea, eta gizonek era horretako ikastaroetan parte har dezaten bultzatzea, eta orobat emakumeek, ordezkaritza behar baino txikiagoa duten ikastaroetan.
  • Formazio berri bat proposatzea, komunikazio inklusiboa eta ez-estereotipatua delarik helburua; halaber, hizkera inklusiboa sustatzea eskaintzen diren ikastaro guzti-guztietan.

Erakunde barruan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak zuzentzeko, proposatzen da ekintza positiboko politikak sustatzea, emakume guztientzat, nahiz kidegoan sartzeko, hautaketa-prozesuetarako eta lekualdaketetarako edo barne-sustapenerako.

Horri ekiteko, ekintza zehatz batzuk aurreikusi dira: Honako hauek, besteak beste:

  • Berdinketa hausteko klausula bat sartzea emakumeen alde, dagokiena baino ordezkaritza txikiagoa duten kasurako.
  • Berdintasun arloko formazioa baloratzea plazari dagokion neurrian.
  • Agenteen plazen % 33 emakumeentzat erreserbatzea 2023an; % 34, 2024an; % 35, 2025ean; % 36, 2026an...harik eta % 40ra iritsi arte, gutxienez, nahiz emakumeen kasuan, nahiz gizonen kasuan.
  • Neurriak aztertu eta sustatzea, barne-sustapeneko prozesuetan emakumeendako plazak erreserbatzeko.
  • BUko erabaki-organoetan emakumezkoen eta gizonezkoen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatzea.
10/03/2023