Astelehen honetan goizean, azaroak 7, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok harrera egin die Bilboko Udaltzaingoko komisariordetzara sartu berri diren hamaika agenteei. Ekitaldian parte hartu du baita ere Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko Saileko zinegotziak.
Bilboko Udaltzaingoak plantilla finkatzen segitzen du. Horrela, bitarteko agente berriak sartzeaz gain (udaz geroztik ia-ia laurogeita hamar), aginte-eskala indartzeko deialdietan murgilduta jarraitzen du.
Gainera, udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztien bozeramaileak egon dira ekitaldian (gogora dezagun aho batez onartu zutela Bilboko Herritarren Segurtasunerako Ituna). Haiez gain, Udaltzaingoko zuzendaria, bi intendenteak eta zazpi komisarioak egon dira.
Alkateak komisariorde berriei zorterik onena opa die euren lan berria egitean, “gure hirian segurtasunaren zerbitzu publikoa emanez”. Modu berean, haien “konpromisoa eta prestutasuna” eskertu dizkie, “herritarrak babesteko eta zerbitzatzeko, herritarren bizikidetza eta horrenbestez bizi-kalitatea hobetzeko prest daudelako, bai ekintzen bidez, bai prebentzioaren bidez”.
Prozesua, praktikak eta destinoak
Izendatu diren hamaika pertsonetatik ia denak plantillan zeuden aurretik (bat izan ezik, Barakaldoko Udaltzaingotik datorrena). Gehienek esperientzia zeukaten aginte-postuetan ofizialorde, ofizial eta komisariorde gisa; izan ere, batzuek zerbitzu-eginkizunetan bete izan dute postu hori.
Pertsona horien batez besteko adina 47 urte da. Gazteenak 33 urte ditu eta zaharrenak 64. Unibertsitateko ikasketak dituzte (gradua, ingeniaritza teknikoa edo diplomatura izatea, edo lizentziatura baten hiru maila osorik gainditu izana ziren betekizunak). Seik 3. hizkuntza-eskakizuna dute eta beste bik bigarrena.
Zenbait proba gainditu dituzte lehiaketa-oposizio fasean (teorikoak, psikoteknikoak, pertsonalitate-testa, elkarrizketa, euskara), eta haien merezimenduak baloratu dira (aurreko esperientzia, polizia-lanagatik jasotako aipamenak, prestakuntza-ikastaroak eta titulazioak, ...).
Fase hori gainditutakoan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian prestakuntza jaso dute sei bat astez, eta nahitaezko praktikaldia egin dute laneko hogeita hamar egunetan. Praktikak Bilboko Udaltzaingoaren ikuskaritzetan egin dituzte: Kriminalistika, Bide Segurtasuna, Errefortzu Taktikoa, Agintea eta Kontrola, Istripuen Ikerketa, Estrategia eta Antolaketa, eta auzoetako ikuskaritzak. Ikuskaritza horietan, aurrerantzean, eskubide osoko komisariordeak izango dira.