Bizkaia

Bilboko Udaltzaingoak kriminalistikako ikastaroak jasoko ditu

Bilboko Udaltzaingoak kriminalistikako ikastaroak jasoko ditu.

Kriminalistikako 186 orduko ikastaroa jasoko du Bilboko Udaltzaingoak, bere agenteek gai horren gainean ahalik eta maila gorena lor dezaten.

Bertan, besteak beste, honako gai hauek landuko dira: Udaltzaingoaren ikerketa eta gizartea, tipo penalak eta biktimen arreta, atxiloketa, generoko eta etxeko indarkeria, instrukzioa eta prozesuaren kudeaketa. Gainera, osatuko da ikerkuntza teknikei buruzko formakuntzarekin: begizko ikuskapenak eta frogen bilketa, besteak beste.

Barne-antolaketako arrazoiengatik, ikastaroaren bi edizio egitea aurreikusi da. Aste honetan hasi den edizioan 28 agentek parte hartzen dute (7 emakume eta 19 gizon), denak Bilboko Udaltzaingoko plantillakoak. Gero, beste agente talde bati emango zaio ikastaroa, eskainitako 60 plazak bete arte.

Gaikuntza hori bereziki zuzenduta dago Kriminalistika Orokorreko Ikuskaritzako kide diren edo izango diren agenteei. Udaltzaingoaren unitate horrek ikerkuntza tekniken bidez delituak egiaztatzen ditu, eta ekintzaren arduradunak identifikatu eta epaitegian aurkezten ditu, bildutako frogekin batera. Modu berean, delituen biktimei arreta egokia ematen die.

Helburuak eta irakasleak

Kriminalistikako ikastaro aurreratuak agenteei euren lanari buruzko kontuen gaineko ezagutza xehea ematen die. Adibidez, Segurtasunerako Ituna eraentzen duten printzipioak eta helburuak, bereziki pertsonen arteko berdintasuna, delituari aurrea hartzea, delituak irmotasunez eta erabakimenez jazartzea, eta beste erakunde batzuekiko lankidetza.

Gainera, ikerkuntza kriminaleko teknikei eta ezagutzari buruzko prestakuntza aurreratua eskaintzen du, baita ikerkuntza prozesalaren prozedura administratibo eta judizial propioa ere.

Ikastaroan zehar gaur egungo gizarteari buruzko kontuen gaineko prestakuntza emango da: giza eskubideak, datuen babesa, berdintasuna eta genero ikuspegia. Oinarrizko tipo penalak aztertuko dira, bereziki gorroto delituak, faltsutzeak, osasun publikoa, desagertutako pertsonak eta delitu telematikoak.

Zeharlerroa izango da, gainera, biktimen arreta (bereziki pertsona kalteberenena) instrukzioan, prozesuaren kudeaketan eta poliziaren egoitzan. Modulu berezi bat dedikatuko zaio generoko eta etxeko indarkeriari. Atxiloketa beste modulu bat da, baita ikerkuntza teknikak ere, hala nola polizia-informazioko sistemak, eta begizko ikuskapenekin eta frogen bilketarekin zerikusia dutenak.

Edukiak irakasteko, zenbait jakintza-alorretako profesional ospetsuak etorriko dira.

Besteak beste, Jon Mirena Landa Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko zuzenbide penaleko katedraduna, UNESCOko Giza Eskubideetako Katedrako zuzendaria eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako zuzendari ohia; María del Río Zuzenbide Penaleko doktorea; Mikel Anderez Zuzenbide Penaleko doktorea; Román Intxaurtieta Datuen Babeserako Euskal Agentziako legelaria; Unai Zabaleta genero berdintasuneko kontsultorea eta prestatzailea; Félix Brezo Ingeniaritza Informatikoko eta Telekomunikazioetako doktorea, Airon Group-eko adimeneko analista Telefónica Digital-entzat, eta adimen eta segurtasun informatikoaren analisiko unibertsitateko ikastaroetako irakaslea; Leticia Badiola Emakumeen aurkako Indarkeriako epaitegiko epailea; Ana Laura Núñez Bizkaiko Gorroto eta Diskriminazio Delituetako fiskal ordezkaria; Urko Giménez Bilboko instrukzioko 7. epaitegiko epailea; eta informazio-sistemetan, polizia-prozeduretan, faltsutzeetan eta osasun publikoan adituak diren Ertzaintzako eta Udaltzaingoko zenbait ikertzaile.

30/10/2022