Buscar
Bizkaia

Bilbotarrek euskaraz hitz egitea nahi du Udalak

'Bilbon euskaraz' kanpainaren kartela
'Bilbon euskaraz' kanpainaren kartela

Bilboko Udalak hirian euskaraz hitz egiteko sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian 'Bilbon euskaraz' lelopean. "Guztion ahalegina behar dugu gure nortasunaren kultur osagairik handienetakoak bizirik iraun dezan, alegia, euskarak", adierazi du Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak.

Kanpaina honekin, Udalaren nahia da euskara erabiltzeak dituen abantailak nabarmentzea eta hau gogoraraztea: "euskarak batu egiten du eta aberastu egiten gaitu". Helburu horrekin, sormenak 4 igarkizun baliatzen ditu, erantzuna bat bera delarik kasu guztietan: euskara.

  • Bilboko kaleetan gero eta gehiago entzuten da
  • Erabiliz gero, ate berriak zabalduko dituzu
  • Buruan, bihotzean eta batez ere ahoan du indarra
  • Bizirik mantendu dadin erabili eta gozatu egin behar da

Alde horretatik, bada, Narbaizak hau nabarmendu du: "Kanpaina hau gonbidapen bat da, gogoeta egitera ez hainbeste euskara jakiteak baizik eta erabiltzeak dakartzan ondorio positiboen gainean, zeren eta hortxe daukagu desafiorik handiena Bilbo hiri geroz eta euskaldunagoa izan dadin: euskaraz dakienak...erabil dezala, hain zuzen", eta, "horretarako, ardura handiko kontua da konturatu gaitezen euskara hitz egiteak dakartzan ondorio positiboekin, eta ardura handiko kontua da euskara gure eguneroko bizimoduko parte izan dadila, naturaltasunez", gehitu du.

Datozen asteetan egongo da ikusgai kanpaina, publizitaterako hiri-altzariterian eta urian horretarako dauden kanpoaldeko beste osagai batzuetan. Horrez gain, sormenez diseinatutako kartelak Udalaren beste eremu batzuetan ere banatuko dira, hala nola Barrutietako udaltegietan eta kiroldegietan.

2023-01-31T17:41:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo