Buscar
Cultura

“Biniloa argitaratzea garrantzitsua zen guretzat, soul-arekin oso lotua baitago”

Lidia Insaustik, Makalak, Paul San Martinek eta Gorka Gaztanbidek Arima Soul taldearen lehen lan luzea aurkeztuko dute gaur ostiralez Imanol Larzabal aretoan.
Arima Soul taldeak Donostian joko du gaur ostiralez.
Arima Soul taldeak Donostian joko du gaur ostiralez.

Zuen ‘Arima du’ abestiari erreferentzia eginez, arima sendagaia al da?

Niretzat bai. Sendagaia, lagungarria, zerbait positiboa... Guztia da niretzat.

Ez da ohikoa euskaraz soul-a entzutea.

Ez. Badakigu soula gutxiengo publiko batentzakoa dela, exotikoa izan daitekeela, baina gure apustua hori izan zen. Gure influentzia nagusienak 60 eta 70. hamarkadetako soul-ean daude, baina gure inguruko pertsonek abestiak ulertzea nahi genuen. Ez hori bakarrik, gure identitatea osatzen duen hizkuntzan abestu nahi genuen. Berezitasun horrekin hasi ginen eta, momentuz, pozik gaude.

Pozik zaudetela diozu. Logika ere badu, zuen abestiak oso alaiak direlako.

Bai, guztiz alaiak. Abestietan positibotasuna sartzen dugu; naturalak eta freskoak izatea nahi dugu.

Hain zuzen, Arima Soul pandemian sortu zen, garai zailetan.

Taldea pandemia bete betean jaio zen. Tarte hori gehiago konposatzeko baliatu genuen. Lehenengo zuzenekoetan sentsazio gurutzatuak izan genituen. Alde batetik, gure lehen EPa estreinatzeko aukera izan genuen, baina publikoa eserita zegoen, musukoarekin... Oso arraroa zen. Orain, lan berriarekin guztiz bestelakoa izango da; emozionalki ere aurrerapauso berria da. Zuzenekoak ere askoz dibertigarriagoak eta indartsuagoak izango dira. Gogotsu gaude.

Letrak zuk idatzi dituzu.

Normalean Makalarekin batera egin izan ditut hitzak. Bion artean borobiltzen dugu guztia. Naturari buruzko aipamen asko daude letretan. Maitasuna eta horren inguruan gertatzen diren anekdotak ere ageri dira. Gaur egungo gizartearen inguruko hausnarketa batzuk ere sartu ditut; baita zenbait aldarrikapen ere. Orokorrean, letrek nahiko mezu positiboa dute, gauzak nola ikusten ditudan nire modura adierazten saiatzen naiz.

Hasieran Makala eta zuk osatzen zenuten Arima Soul, baina gerora Paul San Martin eta Gorka Gaztanbide gehitu ziren proiektura.

Makala eta biok hasi ginen maketatxo batzuk egiten. Landu nahi genuen estiloarentzat, proiektuari beste zerbait gehitu behar geniola ikusi genuen; handitu. Argi izan genuen teklatuan Paul San Martin sartu behar genuela, blues generoan esperientzia luzeko artista delako, jazz-a, swing-a, boogie-a eta beste genero batzuetan ere iaioa da. Gorkak berriz, esperientzia itzela du jazz generoan. Biak elkarrekin ikasitakoak dira eta oso erlazio ona zuten; haiekin lan egitea oso interesgarria da.

Gaur Imanol Larzabal aretoan arituko zarete.

Bereziki, indarra eta poza transmititu nahi ditugu. Gainera, abesti berriak ere aurkeztuko ditugu, zuk lehenago aipatutako Arima du eta Gu andereak, esaterako. Bi abesti horiek, gainera, bideoklipa ere badaukate. Ukitu fresko bat lortu nahi genuen, adin guztietarako interesgarriak izatea publiko ezberdinak gureganatzeko. Jendearengan dantzatzeko gogoa piztu nahi dugu eta ondo erantzungo dutela iruditzen zaigu.

Zuen errepertorioa soilik joko duzue ala izango da bertsioentzako tokirik?

–Zuzenekoetan Gil Scott-Heron, Etta James edo Marie Queenie Lyons bezalako musikarien piezak jotzen ditugu. Vintage soinua duten abestiak dira eta horiekin erabat identifikatzen gara, diskoan abesti guztiak euskaraz eginak eta propioak diren arren.

Diskoaz gainera, biniloa ere kaleratu duzue.

Guretzat binilo formatua garrantzitsua zen eta argi genuen horrela kaleratuko genuela, generoarekin oso lotua dagoelako eta erreminiszentzia handia duelako.

2022-10-15T06:26:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo