Araba

Bisita gidatuak egingo dira Gasteizko Mendizorrotzeko futbol zelaira apirilaren 30ean

Bisita gidatuak egingo dira Gasteizko Mendizorrotzeko futbol zelaira apirilaren 30ean.
Bisita gidatuak egingo dira Gasteizko Mendizorrotzeko futbol zelaira apirilaren 30ean. / Utzitakoa

Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak hiru bisita gidatu antolatu ditu Mendizorrotzeko futbol zelaira apirilaren 30erako, eta 150 lagunek izango dute aukera Alavesek partidak jokatzen dituen estadioaren barrualdea ezagutzeko. Guztira, 75 sarrera bikoitz zozkatuko dira.

Gasteizko Udaletik jakinarazi duetnez, bisita gidatuen lehen txandan 17:00etan izango da, bigarrena 17:45ean eta azkena 18:30ean, eta bertaratzen direnek prentsa aretoa, eremu mistoa, aldagelak, zelaira iristeko tunela eta aulkiak ikusi ahalko dituzte. Babazorro maskotarekin aterako duten argazkiarekin amaituko da bisita.

Zozketan parte hartu nahi dutenek hiru bisitetakoren batean izena eman beharko dute ostiral honetatik apirilaren 4ra arte udal webgunean jarritako formularioan. NAN edo AIZ bakoitzeko izen-emate bakarra onartuko da eta baldintza bakarra 18 urte beteta izatea da.

Irabazleen izenak apirilaren 7an iragarriko dituzte, eta guztiek Mendizorrotza futbol zelaiko 1. atera joan beharko dute. Sarrerak zozketan izena emandako pertsonarentzat (NANa erakutsi beharko du horretarako) eta harekin batera joango denarentzat izango dira (adingabea izan daiteke).

Bestalde, Gasteizko Udalak Alavesi laguntzeko ekintzekin bat egingo du denboraldiaren azken txanpan, eta hiriko eraikin enblematiko batzuk argiztatuko ditu klubaren koloreekin, talde babazorroak Mendizorrotzen jokatuko dituen partiden bezperan.

Hain zuzen, ostiral honetan, apirilaren 12an eta 22an, eta maiatzaren 3an, 13an eta 24an zuriz eta urdinez argituko dira udaletxeko fatxada, Floridako kioskoa, Arkupekoak, Antso Jakitunaren pergola eta Andre Maria Zuriaren plaza; azken horretan, gainera, taldearen ikurra lurrean islatuko dute.

2025-03-29T18:07:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo