Turismo gune berria “bidaia planifikatzeko tresna bat baino gehiago” dela iritzita, Gernika-Lumoko Turismo sailak atzo aurkeztu zuen bere web berria. Atari zibernetikoa www.gernikainfo.eus helbidean dago ikusgai, eta Iñigo Magunagoikoetxea zinegotziaren esanetan, “bisitarien egonaldia luzatzea” izan da zerbitzuaren helburua, sektorek eragiten duen inpaktu ekonomikoa “handiagoa” izan dadin. “Asmoa beti izan da berdina: turistek herrian denbora gehiago igarotzea eta euren bisita ahalik eta kalitate ahal den onena izatea”. Bada, gune berriak hainbat atal berri erantsi ditu, urtero herrira hurbiltzen diren turistei, euskaldunei zein atzerrikoei, euren bisita errazteko jomugarekin.
Atzokoan aurkeztu zuten Turismo Bulegoan Magunagoikoetxeak eta zerbitzuaren langileek gune berria. “Hobekuntzak oro har aipatzen baditugu, Google Maps-erako estekak txertatu dira orri guztietan. Gernikako historiari buruzko orriak berrantolatu dira, Historia izenburupean, erabiltzaileek erabilitako hitza”. Bestetik, diseinu aldetik abantailak eskainiko ditu –telefono mugikorretarako diseinua intuitiboagoa eta praktikoagoa izango da edota interakzio gehiago ahalbidetuko ditu–, alderdi teknikoan ere hobekuntzak izango dira eta webgune berria seguruagoa izango da. Azkenik, zenbait erraminta berritzaile ere izango ditu, edukiak antolatzerako orduan edota barne-estekeei dagokienez.
Atal berriei dagokienez, “helmuga turistiko jasangarri baterako lan-ildoari jarraituz”, Gernika Destino Jasangarria orri berria sortu da. Bestetik, Top Ten Gernika izenburuko atala ere dago ikusgai, “ezer ez galtzeko behar duen funtsezko informazioa” ematen duena. Bonbardaketaren Ibilbideari buruzko orrialde berria ere da ikusgai, baita Urdaibaiko paduretarako ibilbidea edota txakoliak Gernika-Lumon uzten duen arrastoa. Azkenik, inguruari aipamena egiten dion atal berriak ere badira, turismo jasangarriari ere txoko bat eginez. Informazio praktikoa ere eskuragarri izango dute bisitariek.
Jakina da Gernika-Lumo Euskal Herriko herrien artean bisitatuenetakoa dela. Baditu horretarako ezaugarri propioak –historia luzea, bonbardaketaren oihartzuna, museoak –Bakearen Museoa eta Euskal Herria Museoa–, ingurunea edota kirola –Jai Alai frontoia–. Baina pribilegiozko egoera hori mantendiu ahal izateko, berebizikoa da “Gernika-Lumoko bisita planifikatzen lagunduko digun informazio praktikoa” ematea. “Eta uste dugu lortu dugula orrialde berriarekin”.