Gipuzkoa

Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren sariak banatu dira Azkoitian

Jon Joseba Aizpurua zumaiarrak jaso zuen lehen saria "talentu handiko parte-hartzaileak izan dituen lehiaketa batean", epaimahaikideen esanetan
Sari banaketarekin bukatu zen Bizenta Mogel Lehiaketaren 43. edizioa
Sari banaketarekin bukatu zen Bizenta Mogel Lehiaketaren 43. edizioa / Udala

Azkoitiko udaletxean ospatu zen ostiralean 43. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.

Aurtengo irabazleak ez dira arrotzak lehiaketan, izan ere, hirurek jaso dute sariren bat aurreko edizioetan ere.

Sarituak

Jon Joseba Aizpurua Antia zumaiarrak lortu du lehenengo saria, Tai Sabaki izeneko ipuinarekin.

Bigarren saria, Iraitz Legarra Bazterretxeak eraman du Bihotz erien museoa lanari esker, eta hirugarren saria Juan Ramon Alberdi Ibarmia azkoitiarrak eskuratu du Etsipenaren lantua ipuinarekin.

Horrez gain, aipamen berezia jaso du Juanma Gallegok, Aiora lanarekin.

Idazketa eta probokazioa

Ana Azkoitia alkateak ireki zuen sari banaketa ekitaldia, idazketaren garrantzia aldarrikatuz. “Idazlearen jolasa probokazioa da”, adierazi zuen. “Probokazioak eta irakurketak pertsona libreak eta kritikoak egiten gaituzte, irizpide eta iritzi eraikitzaileak sortzen lagunduz”.

Alkateak nabarmendu zuen, gainera, Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketak hirukoitz ekarpena egiten duela: kulturala, soziala eta linguistikoa, euskara hauspotzen baitu.

'Tai sabaki'

Lehenengo sariduna Jon Joseba Aizpurua Antia izan da, Tai Sabaki izeneko ipuinarekin. Egileak azaldu zuenez, ipuinaren izenburua japoniarretik dator eta arte martzialetan erabiltzen den kontzeptua da.

Mugimendu azkarra esan nahi du, erasotzaile baten aurrean egoera aldeko bihurtzeko teknika bat da. Bizitzan ere arazoei aurre egiteko ikuspegi hori aplikatzea proposatzen du narrazioak”, adierazi zuen Aizpuruak.

'Bihotz erien museoa'

Iraitz Legarra Bazterretxeak lortu du bigarren saria Bihotz erien museoa lanari esker. Idazleak adierazi zuenez, ipuinaren abiapuntua maitasuna definitzeko ariketa bat da

Idazle eskola batean maitasuna definitzeko eskatu ziguten, eta harritu egin nintzen nola bakoitzak hain era ezberdinean ulertzen zuen. Hortik abiatuta, bikote ohi baten objektuekin osatutako museoa eraiki du ipuinaren protagonistak”.

Museoa metafora bat da, eta idazleak irakurleari gonbita luzatzen dio bertan barneratzeko eta emozioen konplexutasuna aztertzeko.

'Etsipenaren lantua'

Juan Ramon Alberdi Ibarmia azkoitiarrak irabazi du hirugarren saria, Etsipenaren lantua izeneko ipuinarekin.

Alberdiren narrazioan, sekretuek garrantzi berezia dute: “Sekretuak gurekin hilobiratu nahi izaten ditugu askotan, baina beste norbaiti kontatzeak esperientzia berriak ekartzen dizkigu”, azaldu zuen saria jasotzerakoan.

31 lan aurtengo lehiaketan

Aurtengo edizioan 31 lan aurkeztu dira, eta epaimahaikideek lan zaila izan dute irabazleak hautatzeko.

Yolanda Larrañaga, Iñigo Antsorregi eta Juan Luis Zabala izan dira epaimahaikide. Antsorregik hartu zuen hitza epaimahaiaren izenean azpimarratzeko aurkeztutako lanen maila altua, "Saria hiruk jaso badute ere, kanpoan geratu diren lanak ez dira nolanahikoak”. Saridunen inguruan, berriz, talentu handia dutela nabarmendu zuen.

Ekitaldia girotzeko, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako ikasleek hartu zuten parte. Karmele Gorostiaga, Irantzu Urkia eta Haizea Urkia izan ziren musika-emanaldiaren arduradunak, ekitaldiari ukitu berezia emanez.

2025-02-22T20:18:09+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo