Cultura

“Bizi ditugun garaien adierazgarri modura ulertzen dut antzerkia”

Amatasunari, zaintzari eta maitasunari buruzko tragikomedia absurdoa da Agurtzane Intxaurragak idatzi eta zuzendutako ‘Zorretan’ lana. Urtarrilean, besteak beste, Ordizian, Lezon eta Zumaian taularatuko dute
Aintzane Gurrutxaga antzerki zuzendariak ‘Zorretan’ lana ondu du.
Aintzane Gurrutxaga antzerki zuzendariak ‘Zorretan’ lana ondu du. / HIKA TEATROA

Zorrak gaixotu zaitzake, eta hala bizitzea gaitza da. Ondorioz, zaintzari, amatasunari edo amodioari buruz hausnartzea bilatzen du Agurtzane Intxaurraga zuzendariaren Zorretan antzezlanak. Izan ere, bikote baten eta emakumearen amaren arteko harremana erakusten du: emakumeak uste du gizonak emakumearen ama eurekin bizitzera gonbidatu duela. Hortik abiatuta harilkatzen da Hika konpainiaren 35. urteurrena borobiltzen duen istorioa.

‘Zorretan’ obrak gai sakonetan sakontzen du, baina tragikomendia “absurdo eta poetiko” modura definitzen duzu.

Hitz horiek definitzen dute hoberen. Tragedia dago, komedia ere bai, absurdoa da, baita poetikoa ere. Zaintzari, amodioari eta amatasunari buruzko errelatoa eraikitzea erabaki nuen, ze ni ere nagusitzen ari naiz, eta zaintza lana etengabea da. Batetik, ama izan zarelako, eta bestetik, gurasoak nagusiak direlako. Gainera, gure euskal gizarte honetan daukagun arazorik potoloenetakoa ere bada: nork zaintzen duen nor, nork zaintzen gaitu, nola zaintzen dugu... beraz, nire erraietatik ateratako testua da.

Nolakoa izan da idazketa prozesua?

Ederra izan da, idazteko gogoa neukalako. Gainera, nik idazterakoan idatzitakoa eszenan irudikatzen dut, eta kontziente nintzen idatzitako testua testu tradizionaletatik aldentzen zela eta dramaturgia berrietan kokatzen zela. Testu postmodernoa da, dramaturgia berriak lantzen dituena, non denbora, espazioa eta pertsonaiak hautsita dauden, eta ikuslearen pertzepzioa den garran-tzitsuena. Pozik nago, sortzaile modura beti saiatzen naizelako berritzen, garaietara egokitzen, dakidanean geldi ez geratzen.

Ondorioz, geruza askoko lana da.

Erabat hautsia dago, eta ikusleek emakumearen emozioetatik biziko dute istorioa. Geruza asko ditu, eta ikusleak pentsatuko du istorioa ulertzen doala, baina testuak birak emango ditu, etengabean. Interesgarriena da emozioari eta tentsioari eustea, hasieratik bukaeraraino. Eta ikusleek denetarik sentituko dute: barrea, negarra... kolore asko dauzka obrak.

Esan daiteke, eguneroko gaiak umoretik lan-tzen dituela…

Gai horiei umorea ematea erabaki dut, ze tragediaz inguratuta gaude, eta batzuetan ahaztu egiten zaigu bizitza zeinen ederra den. Aurten, Hika Teatroak 35 urte bete ditu, eta bi antzezlan estreinatu ditut: Zorretan eta Atearen beste aldean. Aipatutako azkenekoan saiatu nintzen bakardadeaz hitz egiten eta haragora salto egiten, munduaren edertasunaz hitz egiteko. Antzezlan honetan berdin gertatu zitzaidan, eta gaiei umorea ematea erabaki nuen. Asmoa komedia hutsa egitea zen, baina konturatu nintzen ezin nuela hori egin, bizitzak kolore asko dituelako, eta obra honek ere bizitzaren koloreak dituelako. Nik bizi ditugun garaien adierazgarri modura ulertzen dut antzerkia.

Hausnarketa bilatzen duen lana da?

Hasieratik amaierara. Erakutsi digute zainduak izan garen heinean, zaindu egin behar dugula, eta egia da, gizarte batek elkar zaindu behar du kolektiboki, baina hemen asmoa beste ikuspuntu bat ematen da: denok ez dugu balio zaintzeko, edo behintzat zaintza ulertzen dugun moduan zaintzeko. Amatasunarekin, berdin. Beste gai potolo bat da, non ematen duen denok izan behar dugula ama; eta, gainera, zoragarriak. Ba ez. Ez gara. Eta, protagonistak hala uste du: zilbor hesteak ez duela beti lotzen. Hori erakusten du obrak. 

Eta hori Miren Gaztañaga, Jabi Barandiaran eta Iñake Irastortzarekin lantzea zelakoa izan da?

Prozesu guztiak dira oso interesgarriak, baina batzuk bereziki dira ederrak, eta elkarren lanarekin gozatu dugu. Niretzako luxua izan da, Iñake euskal arte eszenikoen erreferente garbia da. Miren eta Jabi ere bai aspalditik ezagutzen nituen eta lagun ditut. Eta nire-tzako dira arte eszenikoen lengoaia berrietako lehendabiziko erreferenteetakoak. Bi belaunaldiak batzea luxua da.

Hamabi astez aritu zarete lanean.

Eta bost tokitan. 2016an hartu zuen herriz herri ibiltzeko eta jendearengana hurbiltzeko erabaki hori konpainiak. Orain asmoa da Donostiako dFerian gaztelaniazko bertsioa aurkeztea, baina zain gaude oraindik. Kasu horretan, protagonistaren lana Vito Rogadok egingo luke, eta Mi deuda deituko litzateke.

Handik eta hona ibili zarete, eta hala jarraitu nahi duzue.

Egia esan, zorte handia izan dugu, Sareak antolatzen duen hitzartutako zirkuituan sar-tzea lortu genuelako, eta estreinatu aurretik bagenituelako zirkuituan 22 emanaldi lotuta eta beste sei aparte. Bilboko Arriaga An-tzokian egin genuenean, gainera, BAD jaialdikoak egon ziren, eta jaialdira eramango gaituzte. Garrantzitsua da hori, antzerki garaikidea eta lengoaia berriak lantzen dituelako.

Emanaldien sarea handitzea, 35.urteurrena ospatzeko erarik politena izango litzateke?

Bai, emanaldietatik bizitzea oso zaila dea, udalek ez dute aurrekonturik. Produkzio asko dago, eta egunerokotasunari aurre egitea zaila da. Arte eszenikoen sektorearen prekarizazioa izugarria da, eta sistemak ez ditu sorkuntza guztiak xurgatzen. Gainera, ohiturak aldatu dira. Tabernek hartu dute espazio publikoa, eta azaleko ekitaldien kultura bihurtu da. Niri xurgatzen duen kultura interesatzen zait. Baina, zoritxarrez, hori gero eta gehiago merkantilizatu dugu, eta zertara bultzatzen gaitu horrek? Gero eta produktu berdintsuagoak egitera.

Zuek, hala ere, eutsi diozue.

Hikak eutsi dio bere markari, autore lanari, baina hori ez da erraza horrelako merkatu basatian irauteko. Izugarrizko inpotentzia eta frustrazioa sortzen du horrek. Ze, etikari eusteko, esfortzu handia egin behar da.

2024-12-20T10:44:10+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo