Araba

Bizikleteroak Bizikletaren Astean parte hartzeari utzi dio

Gizartea
Bizikleteroak elkartetik egindako horma-irudi baten artxiboko-irudia. Argazkia: Alex Larretxi

Guztira, 18 urte zeramatzaten Bizikletaren Astean parte hartzen eta antolatzen, baina aurten Gasteizko Udalak antolatutako festan parte ez hartzea erabaki du Bizikleteroak elkarteak.

"Gure historia ezagutzen ez dutenentzat; Biziklaren Astea Bizikleteroak elkartetik duela bi hamarkada sortutako jarduera bat izan da beti, eta Aldabe gizarte-etxearen eta Vital Kutxaren laguntzarekin antolatzen genuen lehen", azaldu zuten Bizikleteroak elkartetik. Lehen, festa hori martxoan ospatzen zen, eta jarduerak honako hauek ziren: bizikletaz egiten ziren bidaiei buruzko hitzaldiak eta hiriko bizikletari buruzko beste hitzaldibatzuk ere eta adinekoei bizikletaz ibiltzen erakusteko ikastaroak. Hala ere, urteen poderioz, aste horren antolakuntzan beste gizarte-etxe batzuk ere sartu ziren, hainbat talde eta erakunderen laguntzarekin. Hala, hainbat jarduera desberdin antolatzen hasi ziren ziren hiri osotik zehar, eta hiru astera ere iritsi zen jaialdia. "Hori dela eta, festa instituzionala bihurtu zen azkenean", zehaztu zuten. Jai honen helburua, gainera, hirian bizikletaren erabilera sustatzea eta herritarrak hirian bizikletak dituen onurez kontzientziatzea zen. "Gaur egun, Udaleko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak antolatzen du Bizikletaren Astea, eta Bizikleteroak elkartetik beste laguntzaile bat bihurtu gara", gaineratu zuten.

Hori dela eta, azkenean, Bizikleteroak elkarteak Bizikletaren Astean parte ez hartzea erabaki du, udal gobernuarekin bizikleta mugikortasunaren "aldeko" politika partekatzen ez dutelako, "guztiz kontrakoa", baizik. Ildo beretik, festa honek balioa galdu duela eta gaur egun bizikletaren erabilera ez dutela sustatzen adierazi dute. Iritzi horri indarra emateko, elkarte horrek hainbat arrazoi azaldu zituen, Udalak bizikletaren erabilera ez duela bultzatzen pentsarazten dutenak. Adibidez, azaldu zutenez, 2021eko bizikleta-azpiegituretarako aurrekontua 275.000 euro gehi 30.000 euro izango dela azaldu zuten eta beraientzat diru-kopuru hori oso txikia da. Izan ere, "bizikleta sustatzeko politiketarako pertsona eta urte bakoitzeko hamar euro gomendatzen dira, hau da, 2.500.000 euro urtean". Bigarrenik, "oraindik ez da amaitu 2010-2015 Bizikleta Mugikortasunerako Plan Zuzentzailea (2015erako bukatu behar zuen, 2021ean gaude), eta Udalak egindako azken proiektuetan ere ez da kontuan hartu", deitoratu zuten. Udalak hirian bizikletaren erabilera sustatzen ez duela azaltzeko hirugarren argudio gisa, elkarteko kideek kontatu zuten Udalak ez dituela txirrindularientzat arriskutsuak diren tokiak konpondu eta, gainera, "zenbait kaletan bizikleta-erreiak kentzen" ari direla ere gaineratu zuten.

Bizikleta-bulegoa Azkenik, Udalak bizikletaren bulegoa oraindik sortu ez izana deitoratu zuten, "bizikleta mugikortasunaren plan zuzentzailearen arabera beharrezkoa" delako, azaldu zutenez. Bestalde, "2019an Bizikleteroakekin lankidetza haustea erabaki zuen udal gobernuak. Izan ere, hamar urteren ondoren, ez da berritu gurekin zuten hitzarmena, eta, gaur egun ere, ez digute arrazoia azaldu. Bada oraindik larriagoa den alderdi bat: gauzatzen ari diren proiektuetan ez dugu parte hartzen", ondorioztatu zuten.

Gasteizko Bizikleteroak Ciclistas Urbanos 1999ko urtarrilaren 4ean sortu zen, helburu desberdinekin: Batetik, bizikletaren erabilpena sustatzea, hiri garraio giza hartuta. Bestetik, bizikleta erabiltzaileen eskaerak eta interesak defendatzea. 2003. urtean "kanpoko ekintzak egiten hasi genuen", eta haien artean garrantzitsuenak, udaberri guztietan antolatzen dituzten jardunaldiak dira: Zu, bizikelta eta zerbait gehiago. Bertan bizikletari buruzko hitzaldiak eta proiekzioak egiten dira. Urtero, ekintza eta kolektibo berriak gehitzen dira jardunaldian. 2006. urteko urrian, Gasteizko Bizikleteroak Ciclistas Urbanos, ConBici (coordinadora en defensa de la bici) koordinakundearen kidea egin zen. Erakunde honen erabakietan parte hartzen dute, eta, beraz,eskaintzen dituen zerbitzuak eta abantailak aprobetzen dituzte. Elkarte horrek aukera ematen du herritarrei bazkide egiteko, haien webgunetik informazioa betez.

03/06/2021