Actualizado hace 28 segundos
Dozenaka liburu sortu ditu honezkero Ana Urkizak (Ondarroa, 1969), eta hori genero ezberdinetan murgilduta egin du: poesia, ipuinak, biografia, saiakera, haur eta gazte literatura… azkena aforismo lana du, bere hirugarrena genero horretan. Hitzetik ortzira izena eman dio Balea Zuria argitaletxearen eskutik kaleratu duen lanari, eta aforismoen bidez, izurrei garrantzia eman nahi izan die. Jolas egin nahi izan du, esaten ez denarekin edo ikusi arren, ez ikusiarena egiten den horrekin. Hala, hamabost ataletan banatuta ondu du Urkizak bere azken argitalpena, aforismo hitzaren biluzian, eta jolasaren poetikan, pentsamendua iraultzeko botere handia dela nabarmenduta. Salaketa eta aldarrikapena, biak ala biak, uztartu ditu amari zuzendutako liburuan idazleak.
Hirugarren aforismo lana duzu kalean; zer duzu esku artean? Zeren aurrean jarri duzu irakurlea?
Nik esango nuke dela pentsamendua alde guztietan emanda eta forma poetikoz jantzita; hori da liburu hau. Eta da azken hiru-lau urte hauetan izan dudan edo ontzen saiatu naizen pentsamendua gaurko bizitzan egunerokoan ditugun gaien inguruan. Beraz, pentsamendu liburua da, forma poetikoan jarrita.
Pentsamendu horiek ordenatu eta modu poetikoan jari dituzu; zuretzat ala irakurlearentzat?
Nik uste dut idazten duzunean beti daukazula irakurlea buruan. Egia da pentsamendu hori nire baitatik atera dela: lehenik, nik nire burua edo mundua ikusteko, bizitza ulertzeko, modu hori ulertu nahi izan dut, eta horretaz baliatu izan naiz, pentsamendu horiek ordenatzen jardun naiz eta gero, ordena horri forma ematen, erakargarriagoa izan dadin. Beraz, esango nuke lehenengo norbere barnetik ateratzen den zerbait dela; eta gero, irakurlearekin partekatu nahi duzuna.
Pentsamendu horren bitartez, nola bizi behar den ez, baina bizitza nolakoa den erakusten duzu ‘Hitzetik ortzira’ lanak. Eta nolakoa da bizitza Ana Urkizaren begietatik begiratuta?
“ ”
Esango nuke bizitza ederra dela, baina ez garela gelditzen benetan garrantzitsuak diren edota guretzat eraginkorrak diren gauzen aurrean pentsatzen, eta, era horretan, ez dugula uzten bizitza horrek harritu gintzakeen beste harritu gaitzan. Horregatik, liburu hau da, besteak beste, gonbidapen bat harridura hori izan dezagun edo denbora har dezagun harrituak izan gaitezen. Askotan esaten da berehala nahi ditugula erantzunak, inpaktua nahi dugula ala inpaktatuak izan nahi dugula, eta askotan esaten da gaur egun egiten den literatura horretarako edo horretan pentsatuta egiten dela, eta nik horri buelta bat eman nahiko nioke; ez hori gezurra delako, baina bai denbora hartu dezagun harritu gaitzan bizitzak. Hori horrela, bizitzaren atal txiki batzuk daude liburu honetan, eta horien gainean hausnar dezagun gonbit egiten dut.
Zu harritua izan zara liburu hau idazten zenuen bitartean?
Harritu baino gehiago, lan honetan landu ditudanak izan dira ulertzen ez ditudan gauzak, edo mindu nauten gauzak, edo bidegabeak iruditzen zaizkidanak... hau da, inpaktu batzuk jasan ditut, eta inpaktu horien aurrean pentsatzen jartzen naiz, galderak sortzen zaizkit: ondo dauden, gaizki dauden, zergatik gertatzen diren… eta horiei erantzun bat emateko formula da aforismoa, pentsamendu horri forma bat emanez beste irakurketa bat sortzeko ahalegina egitea.
Irakurleek ere modu beretsuan ikusiko al dute mundua zure aforismoekin bat eginda? Izango da irakurlerik zure aforismoak azpimarratu eta bere egingo dituenik, bereak balira bezala ulertuta. Ez dakit hori bilatzen ote duzun irakurlearengan…
Nik jaso ditudan inpaktu horiek irakurleek beraiek ere jaso dituzte, mundu berean bizi garelako. Hori horrela, ni ahalegindu naiz irakurleari esaten nik inpaktu horien aurrean zelako irakurketa egin dudan, nola ikusi dudan. Hala, irakurlea ere gonbidatzen dut hausnarketa horretara, berarentzat ere eredu edo helduleku izatea gustatuko litzaidakeelako, alegia, berak ere horrekin bat egitea nahiko nuke. Eta horrek irribarretxo bat sorraraziko balio...
IBadu gizakiak, gizarteak, oro har, liburuan jasotzen dituzun gogoeta horiek egiteko asti edo nahirik?
Nik uste dut nahi izanez gero denok egiten diogula lekua nahi ditugun edo benetan garran-tzitsutzat jotzen ditugun gauza horiei; beraz, kontua nahi izatea da, beharra somatzea, eta behar hori somatzea hein handi batean kulturala da; hau da, gizarte bezala pentsamenduari edo pentsamendu kritikoari zer nolako garrantzia ematen diogun, ze garrantzia emango bagenio, egingo genioke horri ere leku.
“ ”
Lekuaz ari zarela, zeri eman diozu espazioa zuk zure lan honetan?
Guztira, hamabost gai daude, eta horiei espazioa emateko, lehenbizi hautatu egin behar izan dut, pentsatu egin behar izan dut zeini eman lekua. Egunero bizi ditugun gai horiei bere momentua eskaintzeko; lehenbizi, pentsatzeko: Honek zergatik harritzen edo mintzen nau? Zergatik da horrela eta ez beste horrela? Jasotzen ditut, beraz, nigan eragina daukaten gai horiek, eta, gero, beste momentu bat hartzen dut pentsatzeko horiei forma zehatz bat emanda nola hurbildu ditzakedan. Bi momentu hartzen ditut, hortaz: batetik, pentsatzeko, eta, gero, forma emateko.
Jakiteaz, egiez, ametsez, bizitzaz, zalantzaz, denboraz, arriskuaz, galerez, itxaropenaz eta konfiantzaz ari zara zure azken lan honetan. Gai asko eta esateko gehiago. Bada guztien artean idaztea edo garatzea gehien kostatu zaizunik?
Ez. Egia esan, liburua ez nintzen atalka idazten hasi; joan nintzen landu nahi dituen gaiez idazten. Hemen, 300 bat egongo dira, baina horren bikoitza idatziko nituen, beti egiten dut horrela. Eta gero, ordenatzen eta borobiltzen hasi nintzenean, ordenatze horretan atera zi-tzaizkidan hamabost gai hauek.
Hitz gutxi biltzen dituztenak izan ohi dira aforismoak; dena den, berba askoren besteko boterea izan dezaketela uste duzu?
Azken finean, biluztu egiten ditugu hitzak, pentsamendua tantaka joan dadin, eta hitzaren biluzi horretan, botere izugarria dauka aforismoak, eta hain justu, boterea dauka pentsamendua iraultzeko edo eraldatzeko.
Amari eskaintzeko baliatu duzu liburua hau.
Egia da liburua iaz idatzitakoa dela, eta ama ere iaz hil zitzaidan; ia batera izan ziren gauza biak. Nire ama jostuna izan zen; berak erakutsi zidan benetan izurrak balioan jartzen. Eta, egia esan, iruditzen zait liburu hau izur pila bat plazaratzea izan dela. Berak esaten zuen badagoela, batetik, izurrak ikusten ez dituen jendea, eta bestetik, badagoela ikusi arren ere, ez ikusiarena egiten duena. Oso esanguratsua zen berak nola azaltzen zuen hori, bera jostuna izanik, izur horiek disimulatzen, desagerrarazten saiatzen zen, gure gorputzean arropa ondo gera zedin. Berak bazeukan gauzak konpontzeko premia; lehenengo ikusaraztea konpondu beharra zegoela, eta gero, konpontzeko bidean ahalegina jartzea zen bere lana, eta hori egiten erakutsi zigun seme-alaboi, eta uste dut hori egiten ikasi dudala nik neuk ere; ez arropetan berak egiten zuen bezala, baina bai gure bizitzan edo gure bizimoduan izur horiek ikusten, non dauden, zer diren, nolakoak diren… eta horiek guztiak konponbidean jartzen. Ez da hori nire lana, baina bai ikusaraztea horiek uler ditzagun, agian, neurrian baita ere, guztion artean uler-tzen baldin bada konponbidean jartzeko aukera daukagu, eta, bada, bide hori egiten saia-tzen naiz ni.
Arrazionalismotik gertu ala urrun dagoen lana al da zurea?
Beno, editoreak hori dio, oso lan arrazionala dela, eta, azken finean, pentsamenduak daude oinarrian, gogoetak, hausnarketak dira, eta derrigor behar du arrazionalismotik izan. Gero, beste gauza bat da poetikotasunetik zenbat daukan, samurtzen ote den pentsamendu hori: hori irakurleak esango du.
Liburuan bada honakoa dioen aipu bat: ‘Inora begiratzen ez denean, zer ikusten da?’. Eta, Anak zer ikusten du kaleratu berri duen liburuari begiratzen dioenean?
Ikusten edo sentitzen dudana da lan intimoa dela; neure pentsamendutik asko dago. Irakurle batek edo beste batek esan izan dit neu nagoela horietan. Atal bakoitzean Ana ezberdin batekin topo egin dezakegu, eta ez da Ana ezberdin bat, dira Anaren azal ezberdinak. Beraz, ikusten dut azkenean lan intimo bat geratu dela, nahiz eta aforismo liburu bat izan; askotan, intimitatea agertzeko generoa, berez, poesia dela esaten dugun arren; kasu honetan, aforismo lan hau ere oso intimoa geratu zaidala esango nuke.