Cultura

Bizitzaren kontrola gorpuztuz

Lasala dantza konpainia garaikideak ‘Dead’ bere azken obrari agur esango dio Alacanten eta Durangon emango dituen bi saioekin. Dantza taldeak bere ibilbidearen lehen hamarkada betetzen du aurten
Argazkian, Lasalako dantzarietako bat.

Egunero gure bizitzaren kontrola izaten saiatzen gara. Egiten, pentsatzen edo sentitzen duguna ordena baten barruan sailkatzea bilatzen dugu. Hala ere, gauza asko ezin izaten dira dominatu eta gure eskuetan ez ditugun hainbat faktore daude. Agian, oreka hori izan daiteke: kontrolatzen dugunak eta ez dugunak bat egitea, nolabait. Dena ezin izaten da ulertu eta askotan ez da ulertu behar izaten. Sentimendu eta pentsaera hauek guztiak biltzen ditu Lasala dantza konpainia garaikidearen azken lanak, Dead deiturikoak. Pieza honen azken emanaldiak ikusteko bi aukera izango dira hurrengo asteetan; ez da aurten plazaratuko duten lan bakarra, konpainia gipuzkoarrak beste obra batzuk ditu prestatuta eta aurten emanaldi berezi bat egingo dute beraien lehen hamarkada ospatzeko.

“Dead hitzak hilda esan nahi du ingelesez, baina kasu honetan bizitzari buruz hitz egiten digu”, Judith Argomaniz Lasala konpainiako zuzendari eta koreografoaren hitzetan. Obrak lau emakumeren bizitza kontatzen digu, baina bakarra izan zitekeen. Lau emakumeren bitartez gaur egungo gizartea islatzen da. “Gizarte bat, non, askotan, gizatasuna kentzen dion gizaki perfektu izateko jaio denari, jasotakoaz beldur izateko eta perfektuak izateko jasan behar dituzten desio sozial eta familiartekoak sufrituz”, kontatu du zuzendariak. Obran beraiek lehen aipaturiko kontrolaz hitz egiten dute eta honek sortzen duen segurtasun faltaz; behartuta egindako akzioez, era batean, abandonua sentitzeko beldurraren aurrean. Argomanizek gehiago zehazten du gaia, “baita ere, betebeharren kargu hartzeak daukan pisua eta emakume izateagatik kanon bat lortzeko galtzen den energiaz hitz egiten da”. Dead lanak, azken finean, mugak gainditzeaz hitz egiten du, ezarritakoarekin apurtzea eta emakumeak daukan aukera askatasunaren inguruan sakontzen du. “Bakoitzak nahi duen bizitza izateaz hitz egiten du, nahi dena, deseatzen dena, edozein delarik ere. Bizitzeko askatasuna irudikatzen du. Horretaz ari da obra”.

Lau emakume dira pertsonaia nagusiak, nahiz eta lanaren momenturen batean bost izatera ere heltzen diren. Hala ere, testuaren pisua lauk daramate, beste lau dantzariren parte hartzearekin ere. Pertsonaia bakoitzak gauza desberdinak irudikatzen ditu. Batetik estetika, bestetik, indartsua izan beharra, bakardadea edo beste dantzari bat motxila handi batekin ateratzen da eramaten ditugun kargak sinbolizatuz. “Dena ondo egiteko kontrolaz hitz egiten da. Adibidez, dena kontrolpean izan beharra, beti irribarre batekin egon behar izatea, emozioak ezkutatuz. Askotan horrela gaude eta ez gara libre sentitzen. Gizonek ere badaukate, baina kasu honetan emakumeari buruz hitz egiten dugu”. 

Otsailaren 4an Durangon izango da ikusgai Lasala konpainiaren ‘Dead’ dantza ikuskizuna. Etanowski

Hamarkada bete dantza Lasala dantza konpainia 2013an sortu zen eta, hortaz, aurten bere ibilbidearen lehen hamarkada beteko du. Urteurren berezi hau ospatzeko, hurrengo apirilaren 22an, Donostiako Gasteszena aretoan, saio berezi bat taularatuko dute. “Egun horretan konpainiaren pieza berezien inguruko ibilbide bat burutuko dugu. Remember moduko bat egingo dugu eta ilusio handia egiten digu”, aitortu du Argomanizek. Bera dantza taldearen sortzaileetako bat izan zen, dantzari bezala ere bai, nahiz eta azken urteetan eszena atzean kokaturik dagoen. “2017an erabaki nuen sorkuntza lanean aritzea, ulertu nuelako kanpotik gauzak hobeto kontrolatu ahal nituela. 2016an Now estreinatu genuen, lehenengo pieza handia, eta ni barruan eta kanpoan nengoen. Niri pila bat gustatzen zait dantzatzea, baina ulertu nuen nire tokia atzean zegoela”.

Lehen hamarkada honetan sorkuntza lan oparoa egin dute Lasalako partaideek. Lan talde teknikoak dantzari eta koreografoez gain, argazkilari, bideo egile edo jantzi arduradunak batzen ditu. Egindako lanek publikoaren babesa jasotzeaz gain, hainbat sari ere eman dizkiete, nahiz eta ez den beraien helburua. “Sariak ongi etorriak dira, baina guk ez dugu lan egiten horiek lortzeko. Baten bat ematen badigute bikain, baina ez dugu horregatik lan egiten. Bikaintasuna bilatzen dugu eguneroko lanean” taldeko zuzendariaren hitzetan. Aipatutako bikaintasun hori lortzeko hainbat elementu hartzen dituzte kontutan. “Musika, estetika, argiak, etab. elementu horiek guztiak oso garrantzitsuak dira. Espektakulua gauza horiek guztiek sortzen dute”.

Etorkizun hurbilera begira konpainiak daukan helburu handiena publikoa berriz aretoetara erakartzea da, pandemiaren ondoren oraindik ez baita lehengo ikusle kopurua berreskuratu. “Momentu honetan publiko falta handia dago. Arazo bat daukagu aspektu horretan. Instituzioetatik ere gehiago lagundu ahalko lukete. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori. Erreferente falta handia dago”. Laburbiltzeko, dantza garaikideaz gozatu nahia duenak edo mundu hau deskubritu nahi duenak, Durangoko San Agustin Kultur Gunean izango du aukera paregabea hurrengo otsailaren 4an.

31/01/2023