Buscar
Bizkaia

Bizkaia modu ofizialean sartu da Turismoaren Munduko Erakundearen Behatoki Turistiko Jasangarrien sarean

Cristina Mugica, INSTO sarean sartzea egiaztatzen duen dokumentua jasotzen.
Cristina Mugica, INSTO sarean sartzea egiaztatzen duen dokumentua jasotzen.

Aste honetan, Turismoaren Munduko Erakundearen Behatoki Turistiko Jasangarrien sarean sartu egin da modu ofizialean Bizkaia. Honek ondorio onuragarriak izango ditu lurraldearentzat arlo honetan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko zuzendariak Turismoaren Mundu Erakundeak Madrilen aste honetan antolatu duen ekitaldian hartu du parte; ekitaldi horren bidez ongietorri ofiziala eman zaie Behatoki Turistiko Iraunkorren (INSTO) sareko kide berriei. Behatoki horien artean Bizkaikoa dago. Sare horretan sartzea beste urrats bat da gure helmugaren kudeaketan ezagutza eta adimen turistikoa aplikatzeko, betiere jasangarritasunaren ikuspegitik eta Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategiarekin erabat lerrokatuta.

Adimen turistikoaren aplikazio hau funtsezkoa da turismoaren arloko politikak definitzeko, diseinatzeko eta doitzeko, horretarako bildutako informazioan oinarrituta, sektoreak lurraldean duen errentagarritasuna handitzeko asmoarekin eta, aldi berean, herritarrentzat onurak sortuz.

Ildo horretatik, sare honetan sartzea esperientziak partekatzeko, onenengandik ikasteko eta, azken batean, etorkizun iraunkorrago baten alde elkarlanean aritzeko aukera da.

Elkarlaneko turismo-gobernantzaren eredua elementu garrantzitsua izan da Bizkaiko Turismo Behatokiak sare horretarako hautagaitza aurkezteko eta, ondoren, onartzeko. Turismoaren kudeaketa arduratsu eta jasangarriaren garrantziaz jabetuta, helmugaren garapen iraunkorreko estrategia partekatuan eta datuen ezagutzan eta adimenean oinarrituta, Bilbao Bizkaia Action Groupeko turismo-eragileek bermatu zuten hautagaitza.

Bizkaia Estatu osoan INSTO sarean sartzen den bosgarren lurraldea da, Kanariar Uharteen, Nafarroaren, Mallorcaren, Malagaren eta Bartzelonaren ondoren. Sare hau 2004an sortu zen, helburu nagusi hauekin: turismo-sektorean iraunkortasuna eta erresilientzia etengabe hobetzen laguntzea, hain zuzen ere turismo-errendimenduaren jarraipen sistematiko, puntual eta erregular baten bidez; eta helmuga interesdunekin konektatzea, destino horiek euren ezagutzak trukatzen eta hobetzen, eta helmugetako baliabideen erabilera eta turismoaren kudeaketa arduratsua hobeto ulertzen lagunduz.

2022-10-25T14:03:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo