Bizkaia

Bizkaiak 1.288 plaza eskainiko ditu udalekuetan

Lorea Bilbao, María José Telleria eta Ana del Val, 'Udalekuak 2023' kanpainaren aurkezpenean.

Datorren astelehenean, martxoak 20, irekiko du Bizkaiko Foru Aldundiak udalekuetan parte hartzeko izena emateko epea. Oraingo honetan, 1.288 plaza eskainiko dira guztira, 1.198 euskaraz eta 90 elebidunak. Programa uztailaren 1etik 29ra bitartean izango da, biak barne, eta parte hartuko duten haurrak 7 eta 13 urte bitartekoak izango dira.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak Udalekuak 2023 programa aurkeztu du gaur goizean, María José Telleria Gipuzkoako Kultura eta Gazteria diputatuarekin eta Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuarekin batera.

Udalekuak 2023 hiru lurraldeetan eta Nafarroan kokatutako 15 instalaziotan garatuko da. Bizkaiak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga) eta Legasako (Bertiz - Arana) aterpetxeetan. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduerak eskainiko ditu Orio, Zarautz, Hondarribia, Abaraxka (Azkoitia), Bertiz eta Irrasarriland-eko instalazioetan, eta Arabako Foru Aldundiak hiru instalazio jarriko ditu Udalekuak 2023ren esku: Barria, Zuhatza eta Espejo. Instalazio horietan guztietan hiru lurraldeetan erroldatutako haurrek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker, eta parte-hartzaile bakoitza erroldatuta dagoen lurraldean inskribatuko da.

Haurrek kirol- eta kultura-jarduerez gozatu ahal izango dute: museoetara bisitak, txalaparta, birziklatze-tailerra, mitologiari buruzko gaualdiak, gynkanak, mendi-ibiliak, eskalada, rapela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio-jolasak, Laser Tag, segway-a, mendiko bizikletako jaitsiera, arrauna, piragua, kanoi-jaitsiera, pedaloia, optimist, wind surfa, disc golfa edo pilota, multiabentura, herri kirolak (trontza, artaburuak, zakulariak, txingak, sokatira), ferrata bideak, baratzeko jarduerak, animaliekin egindako jarduerak eta elikadurari buruzko tailerrak, besteak beste. Eta inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak ere egingo dira.

Instalazio bakoitzeko jarduerak kanpainaren liburuxkan eta helbide honetan kontsultatu ahal izango dira.

Udalekuen helburu nagusia da neska-mutilei elkarbizitzarako jolas-gune bat eskaintzea, beren autonomia pertsonala sendotzeko. Filosofia horrekin, Udalekuen edizio berri honek honako helburu hauek ditu: oporraldien gozamena erraztea; autonomia eta bizikidetza erraztea; aisialdi hezitzailea bultzatzea; ingurune naturalera hurbiltzea eta ingurumenarekiko errespetua erraztea; aisialdiko jardueretan euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabil dadin sustatzea; eremu bakoitzeko ohiturak eta baliabide kulturalak ezagutaraztea; eguneroko bizikidetzan laguntasuna eta elkartasuna bultzatzea, besteak beste; eta genero-estereotipoak eta -rolak zalantzan jartzen dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea.

Inskripzioak eta kuotak

Bizkaiko zozketarako izen-emateak martxoaren 20tik 29ra bitartean egin ahal izango dira, 13:30ak arte, eta gehienez ere hiru partaideko taldeetan egin ahal izango dira. Horrela, plazen zozketa apirilaren 26an egingo da.

Aurten ezarritako kuota 135 eurokoa da. Prezio horretan sartzen dira ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria, dinamizazio zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, eta joan-etorriko garraioa jatorrizko lekutik (Donostia, Ansio eta Gasteiz).

Gainera, Bizkaiak, gainerako lurraldeetan bezala, hobariak ezartzen ditu gizarte-laguntzak jasotzen dituzten familientzat eta familia ugarientzat. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta/edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) jasotzen dituzten familietako haur eta gazteek eta/edo familia ugarikoak direnek hobaria lortu ahal izango dute kuotan.

Integrazioa

Hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonak -desgaitasun fisikoa, psikikoa, sentsoriala edo soziala dutenak- aisialdiko jardueretan integratzea sustatzeko, plaza guztien % 5 talde horrentzat gordetzen da. Integrazio-prozesu hori bermatze aldera, aldundiek kolektibo horiei arreta ematen dieten elkarte espezifikoen laguntza izango dute.

14/03/2023