Bizkaia

Bizkaiak dirulaguntza berriak onetsi ditu salgaien errepideko garraioaren sektoreko langileentzat

Varios camiones circulan por la red viaria de Bizkaia
Varios camiones circulan por la red viaria de Bizkaia

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko salgaien errepideko garraioaren sektorean aritzen dira 5.000 enpresa eta langile autonomoentzat abian jarri ditu dirulaguntza berriak flota modernizatu eta egokitzeko xedearekin. Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatuak, adierazi du bere sailak onetsi duela milioi bat euroko zenbatekoa bideratzea programa berri horretara, sektorearen segurtasuna, lehiakortasuna, digitalizazioa eta jasangarritasuna hobetzeko xedearekin.

Ainara Basurkorekin batera Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua egon da, Imanol Pradales, adierazitako dirulaguntzak Interbiak foru-sozietateak kudeatuko baititu. Biek gogorarazi dute dirulaguntzen programa berri hori Bizkaiko Foru Aldundiko hainbat sailek egoeraren araberako erronkei aurre egiteko onetsitako askotariko neurrien baitan dagoela; horien bidez, besteak beste, erregaiaren prezioen igoerari aurre egin nahi zaio, bai eta sektorearen berezko lehiakortasunarekin eta jasangarritasunarekin zuzeneko lotura duten erronka handiei ere. "Guztira 6,6 milioi euroko zenbatekoa bideratuko da neurrien sorta horri eta sorta horrek, besteak beste, barne hartuko ditu neurri fiskalak, bidesarietako deskontuak eta flota modernizatzeko zuzeneko laguntzak; halaber, horren bidez, nabarmenduko da sailen arteko lankidetza oso garrantzitsua dela orotariko ikusmolde eta konponbideak eman ahal izateko", adierazi du Ainara Basurkok.

"Gaur aurkezten ari garen laguntzen programak salgaien errepideko garraioaren sektoreari laguntzea du helburu, sektorearen berezko lehiakortasunarekin eta jasangarritasunarekin zuzeneko lotura duten erronka handiei aurre egin ahal izateko. Flota modernizatzea premiazkoa eta zehatza den gaia da. Gaur egun, zirkulazioan dauden ibilgailu astunek 17 urte dituzte batez bestean. Era berean, funtsezkoa den beste arlo bat aipatu behar da: segurtasuna. Izan ere, dirulaguntzen programa honen helburua da ere ibilgailuak egokitzea, segurtasunari dagokionez punta-puntako teknologia izan dezaten", azaldu du diputatuak.

Dirulaguntzak, guztira, 20.000 eurokoak izango dira eskatzaile bakoitzeko, eta 4.000 eurokoak ibilgailu bakoitzeko. Gaurtik aurrera eskatu daitezke, eta beste erakunde batzuetako laguntzekin bateragarriak dira.

2023-01-18T15:17:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo