Bizkaibus, jasangarritasuna sustatzeko asmoz ekimen berde bat jarri du martxan. Gaur, uztailak 12, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak, Miguel Ángel Gómez Viar, propultsio elektriko baten bidez ibiltzen diren 12 metroko bi autobusak aurkeztu ditu.
Bus hauek Olaris Urbino 12 electric markakoak dira, pisu baxu integrala izango dute. A3411 Bilbo-Getxo-Azkorri linean hasiko dira martxan, Bizkaiko hiriburua, Erandio, Leioa eta Getxo arteko ibilbidea egiteko.
Guztira 1.090.000 euroko inbertsioa egin da (BEZik gabe). Propultsio elektrikoa baino ez dute, hau da, ez dute erregai fosilik erabiltzen sistema osagarrietan; ondorioz, erabat efizienteak dira.
Gómez Viar-ek zera azpimarratu du: «Bizkaibusen autobus elektriko berriak aurrerapauso garrantzitsua dira Bizkaian bultzatzen ari garen mugikortasun jasangarriari begira». «Etorkizuneko mugikortasunean ibilgailu gero eta jasangarriagoak, isilagoak eta seguruagoak izan behar dira. Ibilgailuek, gainera, zerbitzuaren kalitatea bermatu behar dute (irisgarritasuna, erosotasuna eta abar). Horregatik ari gara berritzeko ahaleginetan etengabe. Teknologia berri guztiak, bestalde, aldez aurretik probatu egiten dira, Bizkaibusek dituen autobusen ezaugarrietara ezin hobeki egokitzen direla egiaztatzeko».
Solaris Urbino autobusek pisu baxua dute, eta ez dute maila desberdinik korridorean edo ibilgailura igotzeko eremuetan. Ibilgailuaren eskuineko aldetik espaloia hobeto ikusteko aukera ematen dute eta hori seguruagoa da autobus-geltokietan zain dauden erabiltzaileentzat. Diseinu modernoaz gainera, honako ezaugarri hauek ere badituzte: iraunkortasuna, mantentzeko eta mugitzeko erraztasuna, irisgarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua.
Aurreko display-a ibilgailua bezain zabala da; beraz, urrunetik ere ikus daiteke.
Biko ate bi dituzte, baina bigarrena atzerago, behar beste bidaiari igotzeko. Mugikortasun urriko pertsonek erabiltzeko egokituta daude: arrapala bikoitza (elektrikoa eta eskuz mugitzekoa) erdiko atean, eta martxaren mailara jaisteko eta handik igotzeko aukera.
68 eta 78 pertsona artean igo ahal izango dira autobus horietara (30 eserita), mugikortasun urriko pertsonentzat gordeta dauden bi lekuak beteta dauden edo ez kontuan hartuta. 30 eserleku horietatik 12 zoruaren mailan daude, eskailera-mailarik gabe. Horrez gain, bi trasportin ere badaude, gurpil-aulkientzako leku bakoitzean bat; horiek ere zoru-mailan daude.
Kargatzeko geltokia. Bizkaibusek Leioan duen garajean jarri da. Ekoenergetykak (Smart Energy Systems) fabrikatu du, Polonian. 150 kW-ko potentzia nominala du eta kargatzeko bi mahuka ditu, hauei esker bi autobus 4 ordutan karga daitezke.
Aurreikuspenen arabera, urte amaierarako beste lau autobus elektriko izango dira eta guztira 35 ibilgailu hibrido. Inoiz egin den inbertsiorik handiena egin da, autobus-multzo gero eta garbiagoa eta isurpen txikienekoa lortzeko helburuarekin.
Dagoeneko zerbitzuan daudenei gehituta, horrek esan nahi du urte amaierarako Bizkaibusek motorizazio hibridoko 76 autobus eta 6 elektriko izango dituela, ia flotaren laurdena, % 24,4.