Astearte honetan goizean, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak ongi etorria eman die Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuan sartu berri diren 50 suhiltzaile eta gidariei (48 gizon eta 2 emakume).
Foru Aldundiak foru suhiltzaileen zerbitzua abangoardian eta Europa mailako erreferente gisa kokatzeko egin duen apustu irmoa azpimarratu du Ahaldun Nagusiak. Ildo horretatik, legegintzaldi honetan garatutako funtsezko proiektu eta ekintzak zerrendatu ditu, hala nola Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuan azken 7 urteetan hainbat kategoriatan 198 pertsona sartu izana, eta horien artean daude gaurtik aurrera zerbitzuan sartuko diren suhiltzaile berriak.
Era berean, 2015etik, 26,6 milioi euro baino gehiago inbertitu dira orain arte Arratzuko eta Zallako parke berriak martxan jartzeko, flotaren % 25 berritzeko azken belaunaldiko 27 ibilgailu berrirekin (auto-eskala automatikoak, hiri-autobonbak eta inudeak, lanabesetarako furgoiak, aginteetarako lur orotako ibilgailuak edo pickup-ak); era berean, arnas-ekipo guztiak berritu dira eta edukiontzi berria jarri da larrialdiak eskatzen duenean ekipo horiek garraiatzeko; salbamendu-koltxoi bat erosi da; eta zerbitzu osorako ATEX talkie-ak erosi dira gasarekin edo erreskate teknikoko jantzi berriekin eta baso-suteetan egiten diren esku-hartzeetarako, besteak beste.
Unai Rementeriak Zerbitzu osoaren lana eta profesionaltasun handia aintzatesteko aprobetxatu du bere esku-hartzea, eta Balmaseda, Berango, Zugaztieta eta Larrondoko sute berrietara jo du: "Funtzionatzeko modua, unean hartzen diren erabakiak, bizitza beti batez ere, biktimen eta zerbitzua osatzen duzuen profesionalen gainetik gordetzeko beharra. Niri berme handia ematen didazue, asko", nabarmendu du.
Beste alde batetik Elixabete Etxanobe diputatuak adierazi du "Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamenduko Foru Zerbitzua Aldundiak eskaintzen dituen guztien artean Bizkaiko herritarrek gehien baloratzen dituztenen artean dagoela. Eta hori harro egoteko arrazoia da, baina baita erantzukizun handia ere". Suhiltzaile berriak lanean hastearekin batera "ezinbesteko zerbitzu bat indartuko dugu, larrialdietakoa, eta aurre egiten diogu zerbitzuan pixkanaka gertatzen den belaunaldi-erreleboari. Horrek arreta hobea eta jarduketa seguruagoak eta eraginkorragoak ekarriko ditu", adierazi du.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2020ko uztailean enplegu-eskaintza publikorako oposizioaren deialdia egin zuen Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuan 50 suhiltzaile-gidari berri sartzeko. Deialdi horretan 993 pertsona onartu ziren azterketak egiteko. Suhiltzaile berriek hautaketa-prozesu luzea gainditu behar izan dute (azterketa teoriko orokorra, proba fisikoak, proba psikoteknikoak, ezagutza espezifikoen azterketa eta hizkuntza-eskakizunaren egiaztapena), baita zerbitzuan hasi baino lehen 420 orduko derrigorrezko prestakuntza-ikastaroa ere, eta praktikaldia gainditu behar izan dute.
Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak 436 profesional eta zortzi suhiltzaile-parke profesional ditu lurraldeko eskualde guztietan banatuta. Era berean, "Bizkaia Prest" Bizkaiko Larrialdietarako Zentro Integrala eta ehun ibilgailu inguru ditu.