Astearte honetan, urriak 11, 'Ordaindu gabeko letra bat' izeneko Blas de Oteroren poesia antologia aurkeztu dute Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan. Liburu hau Blas de Otero Fundazioak argitaratu egin du, Euskaltzaindiaren laguntzarekin.
Han izan dira Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia, Andres Urrutia Euskaltzainburua eta José Fernández de la Sota Blas de Otero Fundazioko zuzendaria. Era berean, euskal idazle batzuk eta liburuaren sektoreko ordezkari batzuk ere izan dira.
Obra honetan, hamaika poeta euskaldunek gehitu dizkiote beren ahotsak eta izenak Gabriel Arestirenari, zeina Blas de Oteroren lagun mina izan baitzen, eta haren lana euskarara itzuli zuen lehena. Hona hemen idazleak: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Miren Agur Beabe, Gerardo Markuleta, Felipe Juaristi, Leire Bilbao, Luigi Anselmi, Kirmen Uribe, Beatriz Chivite, Harkaitz Cano, eta Aritz Gorrotxategi.
Libururako itzulpenak egin dituzten idazleok "Pido la paz y la palabra" poemaren egilearen poema bana hautatu nahi izan dute, euskarara itzultzeko, eta, hala, antologia txiki bat eratu da, bi hizkuntzetan, zentzunez eta ezagutza agertzeko asmoz betea.
"Letra impagada" hori da (kendu egin zioten ama hizkuntza, eta beti damutu baitzitzaion ez jakitea), "Euskera egin dezagun" poeman aipatzen dena, antologia honen izenburua; bestalde, liburuari argazki bilduma argitaragabe bat gehitu zaio. Alkatearen hitzetan, "liburu hau modu bat da Blasen ametsa betetzeko, alegia, haren arbasoen kultura euskaldunaren ondarea berreskuratzeko, nahiz eta modu sinbolikoan izan, eta bera hil eta lau hamarkada geroago".
Bestalde, gaur arratsaldean bertan, 19:00etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegian poema-irakurketa egingo dute Amaia Gabantxok eta José Fernández de la Sota Blas de Otero Fundazioko Zuzendariak, baina azken honek aurretiaz “Ordaindu gabeko letra bat” antologiaren jendaurreko aurkezpenean parte hartuko du Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako Zinegotziarekin, Andrés Urrutia Euskaltzainburuarekin eta Bernardo Atxaga idazlearekin batera.