Eibar – Gaizka Garitano Eibarreko entrenatzaileak larunbat honetako (18:15ean, Anxo Carro futbol zelaian) ligako hurrengo partidaren inguruko atarikoan atzo adierazi zuenez, beraien hurrengo aurkaria izango den Lugo oso ondo moldatzen omen da partida “itxietan”.
“Aurka izango dugun taldea bolada txarrean datorrenean ez dugu lasaitzeko joerarik izaten, egoera horretatik edozein momentutan atera daitezkeela pentsatzen dugulako”, ohartarazi zuen Derioko entrenatzaileak, abenduaren 17an Granadari etxean 1-0 irabazi zionetik sei jardunaldi garaipenik lortu gabe eman dituen taldeari buruz.
Joan Carrillo etortzeak talde galiziarraren entrenatzaile aldaketa ekarri du, eta horrek jokatzeko estiloan ere aldaketak ekarriko dituela adierazi zuen armaginen entrenatzaileak. “Bi partida jokatu dituzte entrenatzaile berriarekin eta gauza berriei adi egon beharko dugu”, gaineratu zuen.
Lugok etxean gol gutxi jasotzeak helburua zailduko diela uste du Garitanok, baina “aurkariari golak sartzea ere kosta egiten zaiola” nabarmendu zuen. “Partida ondo hastea funtsezkoa izango da”, azpimarratu zuen.
Azken bi porrotak ahaztuta dauzkatela adierazi zuen entrena-tzaile bizkaitarrak, tartean aurreko larunbatean Ipuruan jasotako lehena. “Egunen batean galdu egin behar; ez da batere ohikoa hainbeste hilabete galdu gabe ematea, beti tokatzen baita aurrekoa bezalako partidaren bat, hasi eta lehen bi jokaldietan gola jasotzen duzun horietakoa”, esan zuen.
Konfiantzaz
Bere iritziz, Eibarrek konfiantzarekin eta ondo entrena-tzen jarraitzen du, baina sortzen dituen gol aukeretan eraginkortasuna hobetu behar du.
Gaizka Garitanok aipatu zituen estatistiken arabera, Eibar bigarren omen da jaurtiketa eta aukera gehien egiten dituzten taldeen sailkapenean, eta eremu horretan dabiltzan jokalariek “gehiago asma-tzea” baino ez omen zaie falta.