Datorren asteazkenean, San Miel egunaren bezperan, Bosko Anitz taldeak txupinazoa jaurtiko du Urnietako jaiei hasiera emateko. Honela, klubak azken 30 urteetan herriko gazteekin egindako lana azpimarratu nahi da. Igandera arte inoiz izan den egitarau potenteenaz gozatzeko aukera egongo da.
Bestalde, aurtengo omenaldian tokiko komertzioa eta emakumeen lana goraipatu nahi da. Izan ere, Arantxa Kortajarena Begiristaini eta Ana Jauregi Garmendiari gorazarrea egingo zaie. Biak 50eko eta 60ko hamarkadetan ateak ireki zituzten bi saltokiren buru izan dira, eta hasiera-hasieratik emakumeek izan dute saltokien ardura.
Bestalde, Udalak Afrika Iborra Lopez eta Ruben Agudo Felipe zoriondu ditu, haurren egunean alkate txiki gisa arituko direlako.
Arestian aipatu bezala, inoiz baino ikuskizun gehiago izango dira. Ohiko ekitaldiez gain, berriak diren batzuk ere antolatu dira. Esaterako, Kantazaunek prestatutako kantu bazkaria.
Gainera, gustu guztietarako kon-tzertuak izango dira jaietako egun guztietan: Laiotz, Puro Relajo, The Roristak, Kyxo, Lukiek, Liher, Ezpalak, Orquestra London, Herenegun, Xiberoots, DJ Albabarruna, Gozategi eta abar. Berritasun gisa, eta herritarren ekimenez, Urnietako Gau Elektronikoaren lehen edizioa ospatuko da Egape ikastolan, DJ Katxorro, Dj Maik B2B Achucaro, DJ Sergi, Nuria Jump eta Julius MCrekin.
Herri kirolak, pilota partidak, bazkari eta afari herrikoiak eta kuadrillen eta haurren egunak beste hi-tzordu garrantzitsuak izan ohi dira sanmieletako jaietan.