Navarra

Breaztatze lanak hasi dira Elizondon

Ortzirale honetan bukatuko dituzte
Ortzegunean, bertzeak bertze, Aita Donostia karrika breaztatu zuten.

Pasa den astean egitekoak baziren ere, eguraldi iragarpenak astebete gibelatu zituen Elizondoko hainbat karriken breaztatze lanak. Ortzegun honetan hasi zituzten, Aita Donostia, Amaiur gaztelua, Maria Azpilkueta eta Maurizio Berekoetxea karrikak breaztatuz. Ortzirale honetan, Jaime Urrutia eta Giltxaurdi arteko zati bat, Merkatuko plaza parean, eta Mendinueta karrikan eginen dituzte lanak, iragarritakoei bukaera emanez.

Ortzegun honetan breaztatutako karriketan gaur ere ezin izanen da autorik aparkatu. Bertzalde, Merkatuko plaza pareko parkinga ere ezin izanen da erabili, autoak ezin izanen dira parkinera sartu edo parkinetik atera. Honi lotuta, Merkatuko plazatik Foruen plaza aldera ezin izanen da Jaime Urrutia karrikan barna autoarekin sartu, hortaz, Burges karrikaren trafikoaren norabidea aldatu da eta ortziralean eta larunbatean Santiago karrikatik beherantz bideratuko da trafikoa.

Ortzirale honetan Mendinueta karrikan, Baztan Ikastolaren goitiko eraikinaren ataritik Baztan Berrirako sarrera bidegurutzerainoko tartea breaztatuko da eta karrika horretatik Baztan Berrirako sarbidea hetsiz.

02/09/2022