Elizondon ondoko egunetan hainbat karrika breaztatu behar dituzte, eta breaztatze lan horiek eraginen dituzten aldaketen berri emateko bilera informatiboak egin ditu Elizondoko herriak azken egun hauetan, eragina sumatuko duten bizilagunekin.
Aipatu behar da herriko toki ezberdinetan eginen direla breaztatze lanak, ortzegun eta ortziralean, eta breaztatze lanak egin bezperatik eta biharamunera ezin izanen direla autoak hainbat karriketan aparkatu, gainera, Burges karrikaren norabidea aldatuko da hiru egunez.
Ortzegunean, Amaiur karrika eta Maurizio Berekoetxea karrikak breaztatuko dira Aita Donostia karrikako gurutzeraino, eta Aita Donostia karrika ere, Amaiur karrikatik Maurizio Berekoetxea karrikarainoko tartea ere breaztatuko da. Hortaz, hiru eremu horietan ezin izanen dira autoak aparkatu asteazken honetatik ortziralera.
Bertzalde, ortziralean, Jaime Urrutia karrikatik, esne makina dagoen tokitik Bar Juli dagoen tokirainoko errepide zatia breaztatuko da, hortaz, ortzegunetik larunbatera ezin izanen da eremu horretan autorik aparkatu, eta Merkatu zelai pareko parkinga ere ezin izanen da erabili, autoak ezin izanen dira parkinera sartu edo parkinetik atera. Honi lotuta, Merkatu Zelaitik plaza aldera ezin izanen da Jaime Urrutia karrikan barna autoarekin sartu, hortaz, Burges karrikaren trafikoaren norabidea hiru egun hauetan aldatuko da, Santiago karrikatik beherantz bideratuko da trafiko ortzegunetik larunbatera, plaza aldera joateko.
Akitzeko, ortziralean ere Mendinueta karrika breaztatuko da, Baztan Ikastolaren goitiko eraikinaren ataritik Baztan Berrirako sarrera bidegurutzerainoko tartea hain zuzen ere, Baztan Berrirako sarbidea hetsiz.
Aipatu ere, autoak aparkatzeko parking berri bat erabilgarri izanen dela breaztatze lanek eragina izanen duten egunetan, Lanbide Eskolako kirol kantxan hain zuzen ere.