Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio zirragarrienetako bat ospatu zen da gaur Bilbon. Txapelketako azken finalaurrekoa izanda, hain zuzen ere Iruñean abenduaren 18an ospatuko den finaleko oholtza marraztuko zuena, ezinegona nabarmena izan da bai Bizkaia Frontoia bete eta berotu duten 3.600 zaleengan, baita oholtzako sei bertsolariengan ere. Saio puntuagarria amaituta, Amets Arzallus nagusitu da, 662 punturekin, finalerako aulkia bereganatuz.
Haren atzetik, puntu bakarreko aldearekin, Aitor Mendiluzek egin du bigarren, 661 punturekin; eta Jone Uria izan da hirugarren, 637,5-ekin.Joanes Illarregik 621 batu ditu, finalerako atea irekitzeko behar zituenak baino bi puntu eta erdi gehiago; eta haren atzetik gelditu dira Maddalen Arzallus, 609,5 punturekin; eta Saioa Alkaiza, 608,5 punturekin.
Finalaurrekoen lehen eta bigarren itzuliko saioetan lortutako puntuak batuta, hartara, sailkapen nagusia argi gelditu da eta, haren eskutik, abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan Maialen Lujanbio txapeldunarekin batera arituko diren lehenengo zazpi sailkatuen zerrenda. Sailkapeneko hurrenkeran, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi dira zortzikotea osatuko dutenak. Oholtza anitza izango da, beraz, Iruñekoa. Lujanbio, Mendiluze, Arzallus, Gaztelumendi eta Colinak badaukate esperientzia txapelketako finaletan, baina lehenengo aldia izango da Martin, Illarregi eta Ibarzabalentzat. Lehenengo aldia izango da azken oholtzan hiru emakume daudela, lehenengoa bertsolari nafar bat arituko dela.
Finaletik oso hurbil gelditu dira Julio Soto eta Aitor Bizkarra, 2,5 eta 3 punturen faltan, hurrenez hurren;eta hauen atzetik Oihana Iguaran, Agin Laburu, Jone Uria, Unai Agirre, Onintza Enbeita, Saioa Alkaiza, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe eta Eñaut Martikorena.
Finalaurreko borobila
Giroa bero egon da Bilboko Bizkaia frontoian saioa abiatu denerako eta sei bertsolariak oholtzara hurbildu ahala publikoak txalo eztandarekin egin die harrera. Hauen artean bazeuden finalera iristeko aukera nabarmenak zituztenak eta bazeuden, Alkaizak berak agurrean nabarmendu duen bezala, galtzeko ezer eta irabazteko dena zeukatenak ere. Abiapuntu eroso eta deserosoak tartean, bakoitzak berea egitea besterik ez zuten, erortzea saihestuz. Eta hala egin dute, publikoarentzat gozagarria izan den saioa eskaini baidute denen artean. Arzallusek eta Mendiluzek ireki dute saio puntuagarria, partidu bereko politikarien azaletik. Politikaren munduko azpi-jokoen erretratu ironiko ederra eskaini dute, bertsoz bertso.
Zortziko handian ere fin aritu da irabazlea, Maddalen Arzallusekin batera osatu duen lanean; baina bakarkakoan eskuratu ditu puntu gehien. “Kanporatu egin zintuzten. Bizitza erabat aldatu zaizu” izan da proposatutako gaia, eta Arzallusek futbol taldetik bota duen haur baten azaletik kantatu du, txarra izanagatik kirola pasioz bizi duena. Gaiak ikuspegi eta istorio anitzetarako ematen zuen eta denek ala denek nabarmentzeko aleak uzteko aukera baliatu dute azken ariketa. Iruñerako bidea hartze besterik ez da gelditzen orain
Finalistak
Aitor Mendiluze Gonzalez (Andoain, 1975). 2017ko Txapelketa Nagusian txapeldunorde izan zen; 2001etik final guztietan aritu da.
Alaia Martin Etxebeste (Oiartzun, 1987). 2013ko eta 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetan jardun zen. Lehenengo finala izango du hau.
Amets Arzallus Antia (Hendaia, 1983). 2013ko txapelduna eta 2009ko txapeldunordea. 2005etik final guztietan aritu da.
Beñat Gaztelumendi Arandia (Añorga, 1987). Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista izan da 2013an eta 2017an.
Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999). Nafarroako Bertsolari Txapelketetan hiru aldiz aritu da, eta hau du lehenengo Bertsolari Txapelketa Nagusia.
Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani, 1976). Euskal Herriko egungo bertsolari txapelduna. 2009an ere irabazi zuen txapela eta txapeldunorde izan zen 2001ean eta 2013an.
Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein, 1994). Bizkaiko egungo txapelduna, bere bigarren parte-hartzea da Txapelketa Nagusian, lehenengoa finalera heltzen dela.
Sustrai Colina Acordarrementeria (Urruña, 1982). 2001etik finalista izan da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusietan.