Buscar
Reala

Cadizek bi berdinketa besterik ez ditu urratu Donostian

Hurrengo aurkaria Realak hamabi garaipen lortu ditu etxean Cadizekin jokatutako hamalau partidetan
Sorloth eta Portu, 3-0 amaitu zen azken Reala-Cadiz partidako golegileak, murtziarraren gola ospatzen | ARGAZKIA: EFE
Sorloth eta Portu, 3-0 amaitu zen azken Reala-Cadiz partidako golegileak, murtziarraren gola ospatzen | ARGAZKIA: EFE

Hamabi garaipen lortu ditu Realak etxean Cadizen aurka, bi berdinketa baino ezin izan baititu urratu talde andaluziarrak, Atotxan eta Anoetako estadioan lehen mailan jokatutako hamalau norgehiagokatan, hutsean biak, 1988-89 eta 1990-91 denboraldietan.

Datorren ostiralean, 21:00etan, hamabosgarren aldiz hartuko dute txuri-urdinek Cadiz etxean. Jaitsiera postuetatik irten berriak dira, joan den larunbatean Rayo Vallecanori 1-0 irabazita, eta orain hamaseigarren postuan daude 25 punturekin, zorigaiztoko eremuarekiko bi puntuko tartearekin.

Bi taldeen arteko hamalau norgehiagokak Lehen Mailan izan dira beti; izan ere, Reala Bigarren Mailan egon zen bitartean, Cadiz hirugarren mailan baitzebilen, gaur egun desagertutako Bigarren B Mailan, alegia.

Lopez ufartek bi gol bitan

Nabarmentzekoa da, gipuzkoarrek bi aldiz irabazi diotela Cadizi 4-0, bietan John Benjamin Toshack entrenatzaile galestarra aulkian zela.

Lehenengoa 1985-86 denboraldian izan zen. Roberto López Ufarte hegaleko trebeak bi gol egin zituen, Pello Uralde aurrelariak bat, eta Agustín Gajate erdiko atzelariak bestea.

Hurrengo denboraldian, emaitza bera errepikatu zuten txuri-urdinek eta Lopez Ufartek bi gol sartu zituen berriro, beste biak Loren aurrelariak lortu zituen.

Azken lehia, 3-0

Anoetan, Realak eta Cadizek 2022ko maiatzaren 12an jokatu zuten elkarren arteko azken norgehiagoka. Egungo entrenatzaile bera zuten andaluziarrek, Sergio Gonzalez, eta erraz menderatu zuen talde gipuzkoarrak Cadiz.

Reala 3-0 nagusitu zen Donostiako estadioan, Alexander Sorlothek (19. minutuan), Adnan Januzajk (53. minutuan, penaltiz) eta Cristian Portuk (98. minutuan, hau ere penaltiz) sartutako golei esker.

Oraingo honetan garaipena ezinbesteko du Realak, azken asteotako dinamika negatiboa iraultzeko.

2023-03-01T08:13:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo