Actualidad

Calviñoren ustez BPGa %4,4 gehiago haziko da

Espainia inflazio zikloaren “amaieratik oso gertu dagoela” azpimarratu du
Nadia Calviño.

Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako presidenteorde Nadia Calviñok atzo Kongresuko Osoko Bilkuran adierazi zuenez, hazkundeari buruz argitaratu diren azken datuak ikusita, litekeena omen da aurtengo BPGren %4,4ko igoeraren aurreikuspena motz geratzea.

Beheko Ganberan Gobernuari egindako kontrol-saioan aitortu zuen Calviñok egoera “konplexua” dela, “aldakortasun eta ziurgabetasun handikoa”, ekonomiak “moteltzeko” joera duela, baina Espainiako ekonomia “ondo eusten ari zaiola egoera zail honetan”.

Gaiarekin jarraituz, nabarmendu egin zituen “gutxieneko historikoak” lortu izana behin-behinekotasun-tasan eta gazteen langabezia-tasan, baita 2021ean lortutako %5,5eko hazkundea, eta azken aurreikuspeneko %4,4ko hazkundea baino handiagoa erdietsi ahal izatea, bere ustez motz geratuko dena urteko hirugarren hiruhilekoko BPGak %0,2 aurrera egin duela jakin ondoren.

Carlos Rojas (PP) eta Ivan Espinosa de los Monteros (Vox) diputatuen galderei erantzuterakoan azaldu zituen datu horiek guztiak, Europako funtsen eta prezioen krisiaren kudeaketa eta aurreikuspen ekonomikoak aurpegiratu zizkiotelako. “Zure aurreikuspenek huts egiten dute behin eta berriz”, leporatu zion Rojasek, arlo ekonomikoan izandako arrakasten adibidetzat folio zuri bat erakutsi ziolarik. Bere erreplikan, inflazioari buruzko azken datuak nabarmendu zituen Calviñok.

04/11/2022