Bilboko Campos Antzokiak urtero ospatutako 'Bilbo, Adinekoen Lagun' sari-banaketa jaso zuen. Bertan egon zen Bilboko alkate Juan Mari Aburto, besteak beste, sariak banatzen.
Joseba Solozabal eta Agurtzane Bilbao Nervión Taldeko kazetariak izan dira galaren aurkezleak. Ekitaldian, «Bilbao, Adinekoen Lagun» Sariak banatu dituzte, Bilboren, auzoen eta auzotarren bizikidetzarekin eta bizi-kalitatea hobetzearekin konprometituta dauden 60 urtetik gorako adinekoen ibilbide profesional eta altruista aitortzeko. Finean, uria bizitzeko toki adeitsuagoa izateko egindako ekarpena aintzatetsi nahi dute sariok.
Aburto alkateak pertsonalki zoriondu ditu Maria Victoria del Bado, Isabel Osorio eta Miguel Ángel Fernandino: «gure gizarteko pertsona zaurgarriei laguntzeko, eta beren bizimodua erraztu eta hobetzeko duzuen konpromisoagatiko esker ona agertzeko modua da». Juan Mari Aburtoren hitzetan, sarituak «boluntariotzaren, komunitate-lanaren eta komunitatearen aldeko lanaren, eta zahartze aktiboaren eredu» dira.
Ikus-entzuleen artean, berriz, Udalak adinekoen eremuan aurrera daramatzan programa eta ekimenei lotutako pertsonak egon dira (Zaintzea, Aukeragune edo Begirada Aktibo Berria ekimenetako kideak), eta «Bilbo, Adinekoen Lagun (2022-2024)» III. Udal Plana aurrera eramateko Udalarekin lankidetzan dihardutenak ere bai. Gurutze Beitia aktorearen emanaldiaz eta Bilbao Mapamundiren bilbainadez gozatu ahal izan dute denek.
Urriaren 1eko Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela-eta Bilboko Udalak adinekoei egindako omenaldiaren parte da gala. Horrez gain, datorren barikuan, hilak 30, uriko adinekoen elkarteen lanagatiko esker ona agertzeko harrera egingo da.
Bilbo, adinekoen lagun
«Bilbo, Adinekoen Lagun» III. Udal Plana (2022-2024) ekimenaren barruan daude «Bilbo, Adinekoen Lagun» Sariak, uria eta bertako auzoak bizitzeko leku adeitsuagoak izateko norbanako eta kolektiboek egindako lanaren aitortza egiten dutenak.
Zahartze aktiboaren ideian oinarrituta, “Bilbo, Adinekoekin Adeitsua den Hiria. 2020-2024” izeneko III. Plana Udalak aurkeztu zuen 2021eko urrian. Udal estrategiaren hirugarren bertsioaren ezaugarri nagusia da parte-hartzaileagoa, irekiagoa eta malguagoa dela. Asmoa da jarduera eta estrategia berriak sartzea herritarren aldetik premia eta aukera berriak sortu ahala.
Era berean, Udal Planak bat egiten du Bilboko Balioen Agiriarekin (Bilbao Balioen Hiria) eta 2030 Agendaren Garapen Iraunkorrerako Helburuekin (GIH).
Aurreko edizioetan saritutako pertsonak
Udalak 2015. urtetik ematen ditu «Bilbo, Adinekoen Lagun» sariak, eta, ordutik, uriko 21 adinekoren lana saritu du:
- 2015: Ibon Areso, Satur Abón eta Florentino Martinez Gonzalez
- 2016: Sabin Ipiña, Mª Jesús Cava eta Mª Luisa Mendizabal
- 2017: Jesús Antonio Pérez Arróspide, Iñaki García Ergüin eta Begoña Ariño
- 2018: Alfonso Dubois, Begoña Rueda eta Mikel Bilbao
- 2019: Carlos Zubiaga, Ana María Peña eta Begoña Aguirrezabal
- 2020: Luciano Azpiazu, Teresa Reizabal eta Txetxu Lombardero
- 2021: Iñaki Irigoien, Araceli Rozas eta Encarnación Velasco.